Zarautz Kirol Elkarteak eskaturik bete nahian, Bera Bera Eskubaloiak larunbat honetan, martxoak 28, Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian hartuko du Canyamelar Valencia 19,30etan, ligako 19. Jardunaldian (Javier Gutiérrez eta Sergio Elorduy).
Zarautz Kirol Elkartea 50. urteurrena ospatzen ari da denboraldi honetan eta Bera Berari Europa mailako partida eskatu zion. Talde donostiarrak Jomi Salernoren aurkako kanporaketa proposatu zion baina Zarautz taldearentzat data ezegokian. Ostean Muratpasaren aurkako final-zortzirenetako partida telebistazko balditzek galerazi zuten, hortaz, Bera Berak ligako partida eramatera nahi izan du.
Komunikabideen aurrean egindako aurkezpenean ZKEko eskubaloi arduradun Inma Saezek adierazi du “antolaturiko ekintzen artean eskubaloi partida onak hartu nahi genituen eta eskerrak eman nahi dizkiegu Bera Berari gurekiko izan duten arreta, jakin badakigulako ligako partidak zure pistatik ateratzea ezohikoa dela”.
Egun Bera Beran hiru zarauztar daude: Alba Menéndez, Maialen Múgica –belaunean izandako ebakuntza dela eta errehabilitazioan dago- eta Andrea Zaldua –Aiala Zarautzen utzita- eta, horrez gain, Matxalen Ziarsolo, kostako herrian bizi dena.
Inma Saezek azpimarratu du “partida ere kanpoan ibilitako jokalariei omentzeko nahi dugu”. “Zarautzen ikusmira eragin du norgehiagokak, gure zalegoek beti bezala erantzungo dute eta esperientzia ona izatea espero dut” amaitu du.
Tati Garmendiak eskertu dio Zarautzi “gurekin pentsatzeagatik” eta ez du zalantzarik zarauztarren erantzunarekin “ziur gaudelako etxean bezala izango garela, espero dut ondo jokatzea eta partidaz gozatzea”.
Alba Menéndez jokalariarentzat “oso partida berezia da nire kiroldegira bueltatzen naizelako” halere, era berean, dio “arraroa da ligako partida etxean delako eta Bidebietatik kanpo gaude”. Bere ustez norgehiagoka “oso interesgaria izango da, han estu joan zen partida –gol bakar batez irabazi zuen Bera Berak- eta ehuneko ehuna eman behar dugu liga irabazteko bi puntuak behar ditugulako”. “Gure esku dago eta badakigu Zarauzko zalegoaren laguntza izango dugula” esan du zarauztarrak.
Bestetik, Zarauzko kiroletako zinegotzi Aser Lertxundik “publikoa Aritzbataldera joatea animatzen dugu puntako partida ikusteako” eta era berean “eskubaloiaren alde lan egin duen kluba” zoriondu du”.