Eman aurpegia arrazakeriaren aurka
Gipuzkoako Foru Aldundiak arrazakeriaren kontra abian jarri duen kanpainarekin bat egin du Bera Bera Eskubaloiak, Eli Pinedoren bitartez. Eman aurpegia lelopean, Gipuzkoan kirol erreferentziak direnak parte hartu dute, Bera Berako jokalariaz gain, Naroa Agirre atleta, Imanol Agirretxe Errealeko futbolaria eta Gipuzkoa Basketeko David Doblas jokalaria.
Argazki ikusgarrietan kirolariek aurpegia ematen dute eta herritarrari arrazakeriaren aurka gauza bera egitera animatzen dute. Horrela, gaur goizean Foru Aldundian egindako aurkezpenean Martin Garitano diputatu nagusiarekin selfie bat egin dute Pinedok eta Doblasek, sare sozialetan bultzatu nahi duten ekintza. Aurkezpenean ere izan dira Fernando Diez Mintegi Bera Bera RTko presidentea, Errealeko presidente Jokin Aperribai; Nekane Arzalluz GBCko presidente ordea eta Atlético San Sebastianeko ordezkariak.