Etxetik kanpo liga hasiera oparoena bete du Bera Berak
Lehengo larunbatean Barakaldon lorturiko garaipenarekin, Bera Bera Eskubaloiak Bidebietatik at liga hasiera onena gauzatu du, erreskadan sei norgehiagoka irabaziz. Nagusitasuna adieraziz, gainera, Valentzian gol bakar batez irabazi bazuen ere, gainontzekoetan hamar goleko aldea gainditu dute gipuzkoarrek.
Aurreneko itzuliko egutegia ez da oso zaila izan, egia esanda, izan ere, Bera Berak azken lau sailkatuen pistetatik hirutan izan da: Vivelafruta.com- E. Castelldefels, Adesal Córdoba eta Clínicas Rincón Málaga Costa del Sol. Baina pista zailak ere bisitatu ditu: egun laugarrena den Valladolid, arestian aipaturiko Valentzia eta lehengo larunbatean Lasesarre, non Zuazok jokaturiko partidak bereganatu zituen.
Bera Berak joera aldatu du, betidanik Bidebieta izan baita indargune nabarmena. Partidako ia 32 gol daramazki kanpoan, etxean baino zortzi gol gehiago; aitzitik, 19 gol jasotzen ditu partidako. Ligaz aparte, denboraldi honetan etxetik kanpo jokaturiko partida guztiak irabazi ditu, bederatzi guztia, Salernon EHFko kanporaketako bi eta Kopakoa Kordoban, alegia.
Orain arte, 1994-95 denboraldian, Mario Hernándezekin, Bera Berak egungo zenbakiak errepikatu zituen liga hasieran, hau da, hamar garaipen, berdinketa eta porrot bana. Leganesen atera zuen puntua azaroan eta ondoren txapelduna izan zen Mar Ositoren aurka galdu zuen Bidebietan (27-32). Hurrengo urtean Mar Osito izan zen donostiarrak gainditzen bakarrak aurreneko hamabi jardunaldietan eta 1997-98 denboraldian, Jorge Dueñasekin, Bera Bera bost garaipen jabe egin zen etxetik kanpo baina L’Elianan berriro galdu zuen. Iazko denboraldian, Imanol Álvarezekin, Alacanten (25-23) galdu zuen 12. jardunaldian, etxetik kanpo seigarran partidan, alegia.
Etxetik kanpoko boladei dagokionez, Reyes Carrere entrenatzaile zela 2011-12 denboraldian Bera Bera azpitxapelduna izatea lortu zuen aurreneko aldiz. Orduan, irailean Lizarran eta azaroan Elxen galdu zituen partidak baina handik aurrera Bidebietatik at guztia irabazi zuen, bederatzi norgehiagoka, hain zuzen. Hurrengo urtean, aurreneko liga eskuratu zuen denboraldian, Reyes Carrereren taldeak sei partida jarraian irabazi zituen etxetik kanpo. Eta iaz, Imanol Álvarezekin bost partidako bi bolada izan zituen Bera Berak.
Datorren larunbatean Leongo Carobels Cleba taldea Bidebietan hartu eta gero, hurrengo partida segituan da, Granollersen otsailaren 3an (20,30etan), EHFko kanporaketa dela eta aurreratuko den partida.