Larunbatean Bidebietan (19etan, Ignacio García eta Andreu Marin, Catalunya) 23. aldia izango da Rocasa Gran Canaria Ace taldeak Donostia bisitatuko duenik ligan. Ohorezko mailan 26 denboraldiekin goi mailan gehien daraman taldea da, Bera Berak baino urtebete gehiago, hain zuzen.
Bata eta beste dira gaur egun ohorezko mailan eskarmentu gehien dituztenak, alegia, eta ligaz gain beste lehiaketetan elkar ikusi dute, ohi baino gehiago, izan ere, azkeneko bi Kopako finaletan eta, ondorioz, Superkopan Bera Bera Ligako txapeldun izanda 2013 eta 2014ean.
Horrela, azkeneko bi urteetan Bera Bera eta Rocasa zortzi norgehiagoketan elkar ikusi dute. 2013ko urtarrilaren 12tik gaur egun arte ligako lau partida, Kopako eta Superkopako bina finaletan. Duela bi urte Telden, Bera Berak lidergoa kendu zion Rocasari. Orain bezala, kanariarrek puntu bakarra utzi zuten baina donostiarren defentsa nagusi izan zen (20-26). Hurrengo hilabetean, otsailean Porriñon ospaturiko Kopako finalean 25-24 estu irabazi zuen Bera Berak eta maiatzean, Bidebietan, Bera Berak garrantzi handiko urratsa eman zuen aurreneko liga lortzeko azken aurreko jardunaldian Rocasa 35-17 gainditu ostean.
Ondorioz, 2013-14 denboraldian Donostian ireki zen irailarren 4ean Superkopako finalarekin. Kopan bezala gipuzkoarrek berriro nagusi 25-24 eta handik bi asteetara, ligako bigarren jardunaldian, Bera Berak 25-21 irabazi zion Rocasari. Halere, bigarren itzulian, kanariarrak Telden nagusi izan ziren 27-22 eta, era berean, gol average delakoa bereganatu zuten liderra estu jarriz liga amaiaera arte. Martxoan, Rocasak eta Bera Berak Alcobendaseko finala jokatu zuten, berriro, donostiarren alde izan zena 26-21 eta egungo denboraldiko irailean, Guadalajarako Superkopa (23-20) ere bai.
Oraingo honetan, ligako egutegiak utzi du 11. jardunaldirako Ligako bi faboritoen arteko lehia. Rocasak ez du partidarik galdu, Valentzian puntu bat utzi du bakarri eta Bera Berak baino bi puntu gehiago ditu. Donostiarrek Bidebietan Elche Mustang taldearen aurka galdu zuten (20-24) eta Mecalia Atlético Guardésekin berdindu (22-22).
Historikoki, Bera Berak eta Rocasak ligan 22 aldiz jokatu dute Donostian (hainbat denboraldietan ligak bi multzo izan zituen eta ez da elkarre arteko lehiarik egon). Horietatik, gipuzkoarrak 17 partidetan nagusi izan dira, lau galdu dituzte -2008ko maiatzean azkena- eta bakarra berdindu.
Liga, Kopa eta Superkopaz gain, aurten beste berezitasun bat gerta liteke. Bera Berak eta Rocasak EHFko final zortzirenetako kanporaketak gaindituz gero. Bera Berak Muratpasa Belediye taldearen aurkako joaneko partida Gaskan izango du otsailaren 8an (12,15etan) eta itzulera Antalyan otsailaren 14an (13etan). Rocasak, aldiz, kanporaketa osoa Hungarian jokatuko du Erd taldearen aurka otsailaren 14 eta 15ean. Zozketa zuzena denez aurkariak izan daitezke eta aurtengo denboraldian hegoaldea jarri zaio begira Bera Berari…