Bera Bera onik atera da Kordobatik (15-28) eta Kopa defendatuko du
Partida desberdina izan arren, izan ere azkeneko urtetan Kopako azken fasean egon ahal izateko aurreneko itzulian zazpi edo zortzi talde onenen artean egotea nahikoa zen, Bera Bera onik atera da gaur eguardian Kordobako La Fuensantan ospaturiko norgehiagokan eta Adesal aise gainditu du 15-28 (5-12, atsedenaldian).
Halere, ez Adesal ez Bera Bera asmatu dute partida hasieran. Maitane Etxeberria bost minutuak betetzear zegoela ireki du markagailua. Donostiarren defentsak andaluziarren jokua galerazten zuen baina erasoan aurreneko minutuetan ez da fin ibili Bera Bera. Alba Menéndezek lekukoa hartu du baina Adesalen lehenengo lerroko Rubio eta Dascalu jokalariek taldeari eutsi diote (10. min, 2-3,eta 15 min 3-4).
Elorza, Núñez, Menéndez eta Martínez erdian; Ziarsolo eta Etxeberria hegaletan eta Temprano atepean kokatu ditu Etxaburuk. Erasoan, Arrojeriak Elorza ordezkatu du.
Bera Berak asmatu egin duenean markagailuan tartea ireki du Ziarsolo, Arrojeria, Menéndez eta Ederra jokalarien golei esker (18 min. 4-8). Núñez bi minutu eserlekura bidali dute baina Ana Martínezek aldea gehiago zabaldu du (22 min. 4-10). Azken minutuek partida hasiera gogora ekarri dute eta Elorzaren gol batekin atsedenaldira iritsi dira (5-12).
Bigarren zatian, Bera Berak Adesali ez dio inolako aukerarik eman nahi izan, 1-6 partziala gauzatuz: Arrojeria, Martínez (2), Etxeberria, Ezkurdia eta Menéndezen golekin (37 min 6-18).
Minutu onak izan dira Amaia Azanza eta Uxue Ezkurdia Etxeberria eta Ziarsolo ordezkatu dutenak. Etxaburuk minutuak banatu ditu Pinedo eta Múgica jokalarien bajak izanda. Martínez, Menéndez eta Elorzaren artean alboetako bi postu bete dituzte; Arrojeria eta Arizaga zentral moduan aritu dira, Ederra eta Núñez pibotean banatu dituzte minutuak eta atepean Temprano eta Zugarrondok. Adesal taldearen kronikan nafar atezainaren geldiketak azpimarratu dituzte.
Hortaz, ondo betetako lana. Zaragozara Abiadura handiko trenean bidai egin behar zuten, Donostiara ilunabarrean iristeko. Bera Berarekin zortzikotea osatzen da, kopako final-laurdenetan arituko direnak: KH7 Granollers, Rocasa, Aula Cultural, Alcobendas, Elche, Canyamelar Valencia eta Mecalia Guardés.
Eta bihartik aurrera liga hizpide. Gainera partida erabakior batekin, Rocasa liderra hartuko baidu Bera Berak Bidebietan, urtarrilaren 17an, larunbata, 19etan.
Fitxa: Adesal Córdoba 15, Bera Bera 28
Adesal Córdoba 15 (5+10): Mar Sobrino, Boklashchuk (2), Dascalu (2), Amit (3), Rubio (5), Tejeda (1) eta Sánchez (1) –titular- Hernández (1), García, Moreno, Ruiz eta Ezbida (o.a.)
Bera Bera 28 (12+16): Temprano, Etxeberria (2), Martínez (5), Elorza (3), Menéndez (4), Núñez eta Ziarsolo (2) –titular- Arrojeria (2), Ederra (2), Azanza (3), Arizaga (1), Ezkurdia (4) eta Zugarrondo (o.a.)
Epaileak: Francisco Molina Baena eta José Molina Baena (Andaluzia)
Kanporatuak: Amit (2), Boklashchuk, Dascalu eta Tejeda Adesaletik eta Núñez, Menéndez, Ezkurdia eta Azanza Bera Beratik.
Partzialak: 0-1, 2-3, 3-4, 4-9, 5-10, 5-12 –atsedenaldia- 6-16, 7-19, 9-22, 12-24, 12-26 eta 15-28
Gertaerak: Bera Berako jokalari internazionalak omenaldia jaso dute Hungarian lorturiko zilarreko dominagatik.