Antalyako Muratpasa txapeldun turkiarra, EHFko final-zortzirenetan
Gaur goizean Vienan burutu den EHFko zozketan final-zortzirenetan Bera Berari Turkiako txapeldun Muratpasa Belediye taldea egokitu zaio, Turkiako helgoaldean Antalya Mediterraneo Itsaso etzean kokatzen den hiriko taldea, alegia. Gipuzkoarrak etxean arituko dira otsailaren 7 edo 8an eta hurrengo astean bidaiatu egin beharko dute (otsailaren 14-15).
Gainditu berri den hirugarren txandari dagokion kanporaketan, Muratpasa Belediye aise nagusitu zitzaion (62-41) Femina Vise belgiarrari, pasa den asteburuan Antalyan jokatu diren bi partidetan.
Turkiako txapelduna egun hirugarrena da ligan baina partida bat gutxiago du bigarrena den Ankara Yenimahalle taldearen aurka jokatu behar duena. Ankarako taldeak estu hartu zuen Issy París (48-46) EHFko kanporaketan. Muratpasak bost partida irabazi ditu ligan Ardesen Gençlik liderraren aurka galdu du bakarra. Batez beste 32 gol baino gehiago sartu ditu eta, Ankararekin batera, gol gutxien jaso ohi duena (23,5).
Plantillan Turkiarekin hiru jokalari internazionala dira eta bost atzerritar. Horien artean, Olga Laiuk, 30 urteko ukraniar internazionala, eskuin albokoa Sagunton jokatu zuena (09-10) eta Bera Berak gertu jarraitu zuena orduan. Antalyan laugarren denboraldian betetzen ari da eta belgiarrarren aurka joanekoa jokatu arren, 11 gol egin zituen. Eskarmentu handiko jokalaria, Europan 2001-02 denboraldiaz geroztik jokatu du talde ezberdinekin, gainera bere selekzioan leku finkoa du eta Hungaria eta Kroaziako Eurokopan egongo omen da da B multzoan.
Horrez gain, Muratpasako plantillan Mazedoniako selekzioko bi kide dira, biak Metalurg taldetik Antalyara joan berri direnak, Zorica Despodovska ezker albokoa eta Dushica Gjorgjievska zentrala, abenduan 23 eta 27 urte beteko dituztenak.
Pibotean 26 urteko Martina Pavic kroaziarra dute eta lehenengo lerroan 33 urteko Tanja Vuckovic serbiarra. Serbiako Zajecar taldetik, aurrenekoak hirugarren denboraldia betetzen ari da eta serbiarra, lehenengoa.
Turkiako selekzioarekin dira 22 urteko Fatma Ay atezaina, 23 urteko ezker alboko Didem Hosgor eta eskuin hegaleko Esin Sagdic. Turkia Espainiako multzoan kokatu zen abenduko Eurokopa jokatzeko sailkatze fasean baina aise galdu zituen Jorge Dueñasen selekzioaren nahiz Holandaren aurka.
Muratpasak eskarmentua eta gazteria nahastu ditu eta jokalari gehienak urteak daramate elkarrekin jokatzen. Antza, indarberritu da aurten, besteak beste, mazedoniako bi jokalariak, Vuckovic, Sagdic eta 20 urteko Cigdem Özcan zentrala fitxatu baititu.
Turkiako txapeldunak ez ditu Europako lehiaketetan emaitza handirik, nahiz eta Challenge Cupetik hasi Champions Leagueko atariraino iritsi den. 2011-12 eta 12-13 denboraldietan Challenge lehiaketako finalera heldu zen eta bertan alde batetik Mios Biganosek gainditu zuen (55-61) eta hurrengoa Le Havren aurka (57-63) galdu.
Horren ostean, Muratpasak Championseko atarian sartu zen, Bera Bera bezala, 2012-13 denboraldian. Turkiarrek aurreneko partida galdu zuten Errumaniako Universidad Jolidon Cluj (26-34) taldearen aurka eta bigarrena Serbiako Zajecarren aurrean (27-35). Cup Winners’ Cupen ezin izan zuten itzulerako partidan sei goleko abantailari eutsi Zagrebeko Lokomotiva taldearen aurka (aurten Championseko multzoen fasean) eta etxetik kanpo gol gutxiago sartzeagatik kanporatua gelditu zen.
Hurrengo denboraldian, 2013-14, turkiarrak Championseko aurreneko txandan galdu zuten aukera, izan ere, Holandako Sercodak Dalfsen taldearen aurka bi partidetan porrot egin zuten kanporaketa osoa Antalyan jokatu arren. Cup Winners’ Cupen aise gainditu zuten Portugaleko Juve Lis 65-41 baina Errusiako Rostoven aurka hirugarren txandan 65-43 galdu zuten.
Aurten Champions Leagueko atarian egoteko gonbidapena luzatu zuen Muratpasak baina, beste talde batzuei gertatu zitzaien bezala, EHFk ez zuen onartu eta, ondorioz, EHF Cupen dabil.
Zozketaren iragartzaile edo ez, donostiarrak Salernotik Napoliko aeroporturaino autobusez egindako bidaian kanporaketako epaile turkiarrekin bat egin zutenez, Aitor Etxaburu zein Gari Garagarzak Muratpasa taldeaz galdetu zieten. Beraien erantzuna argia izan zen, talde ona dute.
Zozketak ez du zapore txarrik utzi Bera Beran. Eskubaloi arloko arduradun Tati Garmendiak uste du “aurkari erraza ez da izango baina zailagoak baziren eta bidaia konplikatuak zituztenak ere bai, hau da, ahulenetarikoa da Muratpasa”. “Taldeak Europako lehiaketan duen ilusioa” berretsi du Garmendiak eta “kanporaketa irekia” ikusten du.