“Jokalari guztien ekarpena” azpimarratu du Etxaburuk
“Nekatuta baina oso pozik izan dugun errendimenduarekin” onartu du, izan ere, Bera Berak aise gainditu du EHFko kanporaketa Italiako txapeldun Jomi Salernoren aurka, bi partidak Donostiatik at jokatu arren. Bera Berako entrenatzaile Aitor Etxaburuk dio “gozatzeko uneak bizi izan ditugu”.
Gipuzkoarrak etxetik kanpo sei egunetan izan dira Málagan ligako partida irabazi zuten (17-36) eta arestian aipaturiko EHFko kanporaketa Italiako hegoaldean (57-39).
Arlo teknikoa osatzen dutenentzat aurreneko bidaia zen Europara. “Esperientzia positiboa izan da, bidaiak gogorrak dira baina elkarrekin bizitzeko ez dugu aukerarik, taldea elkartzen den unea da eta garaipenak edo porrotak hobeto hartzen dira” azaldu du Etxaburuk.
Hiru garaipen eskuratu arren, Etxaburu gustora dago “emaitzaz gain, garrantzitsuena da jokalari guztiak partehartu dutela eta elkarbizitza”. “Jokalari guztiak dira garrantzitsuak, hasieran minutuak banatu genituen baina une batean errotazioak gelditu nituen. Zorionez –jarraitzen du entrenatzaileak- hiru partida hauetan minutuak banatzeko aukera izan ditugu, ez opari gisa, partidari erritmo altua ezarri nahi diogulako, errotazioak behar dira eta horrelako erabakiak hartzeko gai garelako”.
EHFko kanporaketaren inguruan, Etxaburuk onartu du “hain ondo irtetea ez nuen espero, arazo gehiago aurreikusi genuen”. Bere ustez, “aurreneko partidan egon da gakoa, hasierako minutuak zoragarriak izan ziren eta partida eroso izan zen aurkaria bere etxean lur jota utzi genuelako”. “Hori eskarmentua da, gure jokalariek dutena, bigarren partida Jomi Salernok joanekoan baino talde hobea zela frogatu zuelako” gaineratu du.
Asteartean burutuko den final-zortzirenetako zozketari begira, Etxaburuk jakin badaki “aurkari handiak izango ditugu aurrez aure eta ezin dugunez aukeratu gutxienez bidai erosoa nahi dugu, ligako partida Granollersen dugu eta Bartzelonatik bidai egitea ez da plan txarra”.