Lehengo larunbateko porrotak oraindik erretzen du. Oso bolada onak zapuztu zituen Elche Mustang taldeak 20-24 Bidebietan nagusi izan eta gero. 16 partida ostean elxetarrak Donostiatik garaile irten ziren aurreneko aldiz; Bera Berarentzat aurtengo Ligako lehenengo porrota da eta etxean galdu zuen 35 partida nagusi izan eta gero, hau da, ia hiru urte pasa ostean (2012ko urtarrilak 31). Horrez gain, deigarri izan ziren beste datu batzuk ere eman ziren.
Alde batetik, Elcheren aurka 30 minutuko bi partzialak galdu zituela Bera Berak, emaitza berarekin (10-12), 2010-11 deboralditik gertatzen ez zena. Maiatzaren 11n eman zen orduan Saguntos (32-26, atsedenaldian 13-11), Bera Bera bostgarren postuan bukatu zuen denboraldiko azken partidan.
Handik aurrera, ligan donostiarren denboraldirik arrakastatsuenak eman dira: 2012 azpitxapelketa eta 2013 eta 2014an ligako txapelketak. Hiru denboraldi hauetan zazpi partida galdu ditu Bera Berak: hiru 2011-12 denboraldian, Itxako txapeldunaren aurka bi eta Elxen (27-24); bi 12-13 denboraldian, berriro Elxen (22-21) eta Valentzian (25-23) eta 13-14 denboraldian, beste bi, Alacanten (23-19) eta Rocasaren aurka (27-23).
Norgehiagoka horietan gutxienez Bera Berak partzial bat berdindu zuen. 2011ko irailean, Itxakoren aurka Lizarrerian donostiarrak nagusi ziren atsedenaldian (13-11) eta Bidebietan (12ko urtarrilean) bigarren zatiko partziala irabazi zuen (12-11) nafarrengatik han eta hemen gol bakar batera geldituz markagailu berdinarekin (27-26 eta 26-27).
Saiatu arren, Elxen ezin izan zituen partidak irauli bigarren zatietan. 2011ko azaroan, atsedenaldian atzetik 15-8 joan arren, bigarren zatian partida berdindu zuen Bera Berak baina amaieran 27-24 galdu zuen, 12-16ko partziala lortu bazuen ere. 2012ko urrian Carrusen, 13-9 galdu zuen lehenengo zatian eta bigarrenean ezer gutxi balio izan zion aldeko 9-12ak.
Valentzian, 2013ko martxoan, 17-13 galdu zuen atsedenaldian eta bigarren zatian 8-10 baino ez zuen lortu, 25-23 galduz.
Eta iaz, 2014ko urtarrilean atsedenaldian berdinduta joan arren, Mar Alicantek 23-19 gainditu zuen Bera Bera, bigarren partziala 11-7 irabazi eta gero. Antzekoa gertatu zen Telden, Rocasak eta Bera Bera pare-pare iritsi ziren atsedenaldira (13-13) baina kanariarrak nagusi irten ziren 14-10 bigarren zatian.
Ikus Bera Bera vs Elche argazkiak (Juan Antonio Garaikoetxea)
20 gol baino gutxiago
Lehengo larunbatean deigarri egin zen beste datua aldeko golarena izan zen. Alacanten izan ezik, 20 goletara ez zela iristen 2012ko azaroaren 14an Castro Urdialesen (23-18) hain zuzen, eta datu hori Bidebietan aurkitzeko (Garako kazetari Juan Carlos Elorzari esker) 2006ko azaroaren 10a arte atzera egin behar da. Orduan Itxakoren aurka 17-21 galdu baitzuen Bera Berak.