Bera Beraren hasiera indartsuak onetik atera du BM Porriño (27-16)
Bera Bera Eskubaloiak BM Porriño gainditu du gaur arratsaldean Bidebietan (27-16) partida hasieran lortutako 6-0 partziala baliatuz. Ziarsoloren hiru gol, Elorza, Menéndez eta Etxeberriak asmatu dute batez ere donostiarren defentsak eragiten zituen kontraerasoak gauzatuz.
Partzialak Bera Bera lasaitu du, norgehiagokari erritmo altua emanez. Aitor Etxaburuk ezin izan ditu erabili Ana Martínez, Nagore Arizaga eta azkenean Azanza ezta ere nahiz eta eserlekuan egon. 10. minuturako pistako bederatzi jokalari sartu ditu.
Bestetik, BM Porriño lehenengo lerroak ezin izan du jokua banatu. Samartin, Dapena eta Rivas jokalariek ezin izan dute Elorza, Núñez, Pinedo eta Menéndez gainditu. Hortaz, Abel Estévez entrenatzaileak hutsartea eskatu du 4. minutuan. Cacheda eta Lopes sartu arte ez du golik lortu Porriñok. Eta hori Tempranok ez duela lan handirik izan. Aipagarria izan da atezainak Ziarsolori bidalitako baloi luzea bat, zortzi metrotan kokatu du esker hegalekoa, honek ezkerrarekin bildu baloia eskubiarekin gola sartuz (4-0).
Bera Berak akatsak egin ditu eraso posizionalean eta Porriño gerturatu da (9-5, min 20). Halere donostiarrak berriro tartea ireki dute Ziarsolo eta Pinedori esker, atsedenaldira 12-6 iritsiz.
Bigarren zatia antzekoa izan da. Zugarrondo atepean, BM Porriñori zazpi minutu kosta izan zaio gola egitea eta penaltiz izan da. 6-0 defentsarekin, Aitor Etxaburuk Elorza eta Núñez zaindu ditu Múgicari eta Ederrari minutuak eskainiz. Aitzitik, Etxeberriak eta Ziarsolok aise asmatu dute Susi Sánchezen aurrean. Bera Berak alderik handieta hamar minutu falta zirela lortu du (23-10) eta amaieran erritmoa jaitsi du.
Ondorioz, lesionaturik dauden jokalariak berreskuratzen dituenean oso talde arriskutsua izango den talde baten aurrean, batez ere etxean, helburua bete du Bera Berak. Alde positiboena defentsan oso maila altua izaten jarraitzen duela taldeak eta eraso posizionalean asko hobetu duela. Ligako lehenengo etenaldia iritsi aurretik Castelldefelsera egingo du bisita Bera Berak (larunbata, 19,45etan).
Fitxa: Bera Bera 27, BM Porriño 16
Bera Bera 27 (12+15): Temprano, Etxeberria (5), Menéndez (3), Elorza (1), Núñez (3), Pinedo (7, 2p) eta Ziarsolo (7, 1p) –Ezkurdia, Arrojeria, Ederra, Múgica (1) eta Zugarrondo (o.a.)
BM Porriño 16 (6+10): Sanjuan, Costas (3), Pérez (1), Cerqueira (1), Samartin, Dapena (1) eta Rivas –titular- Lopes (3), Cacheda, Martínez (3), Mateo (2p), López (2) eta Susi Sánchez (o.a.).
Epaileak: Matías Muñiz eta Joseba Jokin Ordoki (Nafarroa)
Kanporatuak: Ezkurdia Bera Beratik eta Cerqueira, Dapena eta Lopes BM Porriñotik.
Partzialak: 4-0, 6-1, 7-3, 9-5, 10-5, 12-6 –atsedenaldia- 15-6, 17-8, 21-9, 23-10, 25-12 eta 27-16.
Gertaerak: Pasai Donibaneko arraunlariei harrera egin zion taldeak Liga eta Kontxa irabazteagatik. Eta Montxo González, aste honetan zendu zen Erreka Laranjako kidea oroituz minutuko isilunea gorde zen partida atarian.