BM Porriñorekin hiru urte pasa eta gero, aurreneko partida izango da Maialen Mugicak orain arte taldekideak izan direnak aurkari gisa ikusiko dituela. Horregatik partida berezia da berarentzat Porriñon oso urte onak pasa dituelako eta lagun handiak. “Aste osoa bideoan ikusi ditut eta beraien aurka jokatu behar dudala jakin arren oso arraroa egiten zait” onartu du zarauztarrak.
Bera Berak bihar larunbata Bidebieta 19etatik aurrera asko aldatu den BM Porriño hartuko du (Matías Muñiz eta Joseba Jokin Orkoki, Nafarroa). “Bai, oso jokalari garrantzitsuak galdu ditu -Alicia Fernández eta Isa Bastero batez ere- baina oso jokalari onak fitxatu ditu” adierazi du Maialen Múgicak. Horien artean daude, besteak beste, Dapena ahizpak, Alba –oraindik ez da osatu- eta Andera eta Bárbara Cerqueira pibote gaztea, guztiak Mecalia Atlético Guardésetik eta Mar Alicante Anabel Mateo –osatzen hau ere bai- eta Susi Sánchez atezaina.
Porriñok ez du suerterik izan egutegiarekin batez ere jokalari asko lesionaturik ditu oraindik -Nekane Terés pibotea ere bai- eta aurreneko jardunaldian Rocasa bisitatu zuen. Halere, Prosetecnisa Zuazo Barakaldo aise gainditu zuen azken jardunaldian.
“Bideoetan ikusi dudana asko gustatu zait” dio Múgicak.
Bere ustez, “aurredenboraldiko partiden batean eta Superkopan ondo aritu ginen baina oraindik Ligan ez dugu gure benetako maila eman, oraindik asko falta zaitu eta partida polita izan daiteke horretarako”.
Aitor Etxaburuk ezin izango du Ana Martínez deialdian sartu ezta ere Nagore Arizaga gihar iskiotibiletan mina duelako, Amaia Azanzak aldiz aduktorean gainkarga du eta kolokan dago bere partaidetza, Uxue Ezkurdia bueltako da zerrendara eta Alba Menéndezek ondo dauka eskuin besoa.
Jardunaldia garrantzitsua da sailkapenerako, izan ere, iazko denboraldiko aurreneko bost taldeetatik lau elkarren artean arituko direlako. Bidebietaz gain, Telden Rocasak Helvetia Alcobendas hartuko du 19,30etan. Bestetik, Mecalia Guardések Elche Mustang taldearen visita izango du eta Valladolideko Aula Culturalek Leónera egingo du bidaia.
Mariscos Bruñori esker itsaski zozketa egongo da, Pasai Donibaneko arraunlariei harrera egingo zaie Liga eta Kontxa irabazteagatik eta zoritxarrez, aste honetan zendu den Montxo Gonzálezen omenez minuto isilunea gordeko da, Erreka Laranjako partaide eta taldea duela urte asko jarraitu duena.