KH7 BM Granolllersen aurka Ligan debuta egin zuen taldearekin nobedadea da, Uxue Ezkurdia eta Olatz Ramon Donostian geldituko direla eta deialdian Esther Arrojeria sartuko dela. Usurbilgo zentrala arretaz entrenatu da aste honetan baina bihar Kordobara egingo du bidaia.
Egutegiko kontuak direla eta, Bera Berak aurreneko bi jardunaldietan, batetik igo berri den Granollers izan du aurrean eta bestetik, Adesal, Mar Alicantek utzitako hutsunea bete duena izango ditu aurrean. Bihar Fuensantan 19etan hasiko den partida Kordobako Pablo García Sánchez eta Badajozeko Juan Manuel Vinagre Vázquez bikoteak zuzenduko dute.
Iazko taldearekin konparatuz gero, Adesal Córdobak galdu ditu besteak beste Inés Hernández (Guardés), Bea Puertas eta Paula Valdivia (Málaga). Egun jokalaririk arriskutsuena da Yacaida Tejeda, iaz Bidebietako partidan donostiarren defentsa estutu zuen pibotea.
Aitzitik, biharko partidari begira Aitor Etxaburuk erasoko jokoan hobetu nahi du eta defentsan maila mantendu.
Taldea garaiz jaikiko da bihar. Autocares Davidek goizeko 7etan irtengo da Zaragozara bidera non 10,20an AVEra igoko da Kordobara 13,20 iritsiz. Bazkaldu eta atsedena hartu ostean, Fuensanta kiroldegira abiatuko da 18ak aldera. Kordoban egingo du lo taldeak eta igandean 9,44etan berriro AVEra igoko da.
Argazkian, lehengo larunbatean laugarren Superkoparekin Bidebietan.