Aitor Etxaburu: “Egun taktikoki Rocasaren atzetik gaudela uste dut”
Bera Beraren janzkera berriaren aurkezpenean, Aitor Etxaburu entrenatzailea komunikabideen esanetara egon da gaur goizean batez ere Superkoparen inguruko galderak erantzuten, datorren larunbatean (12,30etan, Teledeporte) Bera Berak eta Rocasak Guadalajarako Multiusos izeneko kiroldegian jokatuko dutena.
Bihar Etxaburuk zuzentzen duen taldeak bostgarren astea beteko du. “Oraindik ez gaude nahi genuen lekuean baina bagenekien hemen egongo ginela, horregatik ez gaude urdurik” adierazi du Bera Berako entrenatzaile berriak. Etxaburuk dio “lanarekin hobetzeko aukera dugu. Gure indarguneak esfortzua eta defentsan egiten den sakrifizioak dira, partidak arlo horretan irabazi behar ditugulako eta gero joku azkarra eta kontraerasoa aprobetxatu”. Halere, uste du “pixkanaka pixkanaka gure joku modua definitzen joango gara baina jokalarien ezaugarriei erreparatuz, nire ustez eskubaloi zuzena egingo dugu, hutsuneak sortu behar duena, bertikaltasun bilatuz”.
Horregatik eta hiru jokalari berri etorri direlako Azanza, Múgica eta Zugarrondo, Hondarribian bizi den entrenatzaileak ez du “faborito garbirik ikusten larunbatean, norbait esatekotan, nire ustez beraiek abantail txiki bat dutela”. Etxaburuk iritziari argudioak jarri dizkio. “Rocasak ia ez du aldaketarik izan, urte dexente daramate elkarrekin jokatzen, entrenatzaileak bezala, joku era oso nabaria da eta aurredenboraldian fisikoki taldea landu eta partidekin errendimendua bilatu dute”.
“Nire ustez, taktikoki atzean gaude –jarraitzen du- baina fisikoki paretsu eta gogo-aldartea, bikaina dugu”.
Etxaburuk dio denboraldi hasiera guztiak “konplikatuak dira, ez dakizulako oso ondo taldeak nola erantzungo duen, aurredenboraldiko lagunartekoetan ez dago lehiaketak eragiten duen estresa”. Horregatik, dio “lehenengo partida oso konplikatua eta zaila izango da, baina ere berean ilusioz beterik gaude titulo baten aurrean gaudelako”.
Aurkariaren ezaugarrien inguruko iritzia eskatu diotenean, Rocasa aztertu duela agerian utzi du Etxaburuk. “Oso talde ausarta da, defentsan aukera ezberdinak lantzen dituelako eta ez du zalantzarik egiten, ondorioz, sistema bakoitzari erantzun pare bat prestatu behar ditugu”. “Defentsan 6-0 itxia edo 4-2 egin dezake, edo 3-2-1 aldatu edo 5-1 edo alboko jokalariari mista bat egin, hau da, oso talde landua da” adierazi du. “Horrez gain, kontraerasorako sistematika ezberdinak ditu eta eraso posizionala buruz jokatzen du” amaitu du.
“Aurkariari errespetuaz” izatez gain, Bera Berak “ilusioa” du eta “gure indarguneak ustiatu nahi ditugu”.
Taldea gaur arratsaldean entrenatuko da eta bihar goizean Bidebietan. Etxaburuk 16 jokalari eramango ditu Guadalajara, David autobusak arratsaldeko 3etan irtengo delarik.