Aste honetan hiru lagunartekoei helduko die Bera Bera Eskubaloiak eta lehenengoa bihar arratsaldean izango da. Aurten Orion burutuko den Kilometroak egitasmoa dela eta, Bera Bera eta zilarrezko mailan dagoen Aiala Zarautz elkarren aurka arituko dira Karela Kiroldegian (18etan).
Partida horri begira, Aitor Etxaburuk jokatzeko moduan diren jokalari guztiak eramango ditu Eli Pinedo izan ezik. Atzo arratsaldeko entrenaldian gelditu egin zen ezker aduktorean kontraktura duelako. Ondorioz ez da Orion ezta Elgoibarren izango. Bere asmoa da atsedena hartzea, ostiralean entrenatzea eta ahal izanez gero Egiako partida jokatzea. Taldearekin aurrendeboraldia burutzen ari direnak, hau da, Uxue Ezkurdia, María Akuña, Udane Rodríguez eta Olatz Ramon Orion izango dira.
Bestalde, azkeneko bi urtetan Bera Berako bigarren entrenatzaile moduan egon dena, Martin Larrañagak abuztuaz geroztik Aiala Zaratuz zuzentzen du eta biharkoa izango da estrenaldia aurredenboraldian.
Bera Berak ostegunean, hilak 28, Elgoibarko Olaizaga kiroldegian (19etan) Valladolideko Aula Culturalen aurka jokatuko du. Eta larunbatean, hilak 30, donostiarrek Frantziako Mios Biganos izango du aurrean Egiako txapelketan (12,30etan).