2014-15ko Bera Bera, martxan
Iaz bezala, abuztuko lehenengo astelehenean abian jarri da 2014-15 denboraldiko Bera Bera Eskubaloiko plantilla. Sei aurpegi berri, hiru arlo teknikoan: Aitor Etxaburu entrenatzailea, Garikoitz Garagarza, bigarrena eta Nerea Uranga fisioterapeuta. Era berean, hiru jokalari: Amaia Azanza, Maialen Múgica eta Maite Zugarrondo. Azken bi hauek Portugalen dira –María Núñez eta Ana Martínez bezala- Unibertsitate mailako Munduko txapelketan eta laurak abuztuaren 12an egingo dute bat taldearekin.
Ondorioz, 14 jokalariek osatuko dute aurtengo plantilla: Ana Temprano eta Zugarrondo atezainak; Patricia Elorza, Alba Menéndez, Nagore Arizaga, Ana Martínez, Esther Arrojeria, Azanza eta Múgica lehenengo lerroan, Núñez eta Ederra pibotean eta Ziarsolo, Pinedo eta Etxeberria hegaletan. Bataz bestekoa, 25,3 urtetan dago.
Ohorezko mailako taldearekin aurredenboraldia egingo dute Uxue Ezkurdia hegalekoak, Eider Lizarbe eta Lur Errekondo albokoek, Olatz Ramon piboteak eta María Akuña eta Udane Rodríguez atezainek.
Aurreneko egun hauetan sasoi fisikoa egokia hartzea da helburu nagusia baina progresiboki, ondorioz, astean hiru egunetan saioak goiz eta arrataldez izango dira. Azkeneko urtetann bezala, Iker Fernández da prestatzaile fisikoa.
Aitor Etxaburuk ahalik eta etekin handia atera nahi dio bi urte jarraian hiru titulu lortu dituen taldeari. “Ilusioz beterik nator, gogo ikaragarriak ditut arrakastak errepikatzeko eta guztia eman behar dugu jokalari hauen kemena mantentzeko” adierazi du Bera Berako entrenatzaile berriak.
Etxaburuk “talderaren lana egiteko ahalmena” azpimarratu du, “dinamismoa areagotu defentsan nahiz erasoan” bilatu nahi du eta fitxaketa berrien inguruan adierazi du “batez ere defentsan ekarpen handiena emango digute eta erasoan aukerak zabaldu”.
Bera Berak lehenengo lagunartekoa abuztuaren 16an izango du Barakaldon eta aurreneko partida ofiziala irailaren 6an Guadalajaran, bertan Superkopako finala ospatuko baitu Rocasan aurka.