Ohorezko mailarekin harrobiko sei jokalarik egingo dute aurredenboraldia: Uxue Ezkurdia hegalekoak; María Akuña eta Udane Rodríguez atezainek; lehenengo lerroko Lur Errekondo eta Eider Lizarbek eta Olatz Ramon piboteak. Sei jokalari hauek astelehenean (9,30etan) Josean Gasca kiroldegian izango dira aurredenboraldia lehenengo taldearekin prestatu eta lagunartekoetan minutuak jokatu helburuarekin.
Ezkurdia eta Akuña pasa den denboraldian partida bat baino gehiagoetan izan ziren. Egiako hegalekoak protagonismoa izan zuen hasieran, Ligan 11 gol sarturik eta Champions Leaguen ere minutu gutxi batzuk izan zituen Gascan Larvik handiaren aurka. Ostean Kopan debutan egiteko aukera izan zuen. Bere lanak lehenengo taldetik gertu kokatzen du Ezkurdia.
Bestetik, María Akuña, atezain hernaniarrak irailaren amaieratik eta Alcobendaseko Kopa bitartean, martxora arte hain zuzen, Yamiley Rodríguez ordezkatzeko ardura izan zuen. Aitor Etxaburuk hiru atezainekin entrenatzeko ohitura duenez zeregin horretan izango dira Ana Temprano, Maite Zugarrondo –abuztuaren 12an egingo du bat taldearekin-, Maria Akuña bera eta bertan izango da Udane Rodríguez ere bai, denboraldi borobila bete zuena jubenil taldean eta euskal ligan.
Olatz Ramon piboteak jakin badaki zer den egoera honetan egotea, aurredenboraldiko entrenaldietan eta lagunartekoetan, alegia. Azkenik, orain arte 2014. urtea iluna izan dutena, Lur Errekondo eta Eider Lizarbe Gascan izango dira. Aurrenekoak sorbaldan arazoak ditu eta eboluzioaren arabera erabakiak hartuko dira. Lizarbek, aldiz, triada izenekoa jasan arren (lotuilu hausturak –gurutzatua eta albokoa- eta meniskoa), antza ondo errekuperatu da eta taldekideen erritmora egokituko dela espero da.
Kontutan izanda lau jokalari abuztuko bigarren astean taldearekin bat egingo dutela eta Maitane Etxeberriarekin beste planifikazioa izango duela uztailean jubenil mailako selekzioarekin aritu delako, protagonismo handia izango dute jokalari hauek. Horrez gain, lehenengo plantilla 14 jokalariez osaturik dagoenez, aukera izango dute urtean zehar entrenaldietan parte hartzeko eta partidetako deialdietan sartzeko.