Lehendakariak: ”euskal kirolaren indarra gure herriaren indarra da”
Iñigo Urkullu lehendakariak, Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua eta Joxan Muñoz Kulturako sailburu ordearekin batera, atzo arratsaldean harrera egin zien Bera Bera Eskubaloiari eta 2013-2014 ikasturtean arrakasta izan duten euskal klub eta kirolariei.
“Zuen arrakastak ilusioa eta konfiantza ematen digu, energia positiboa eguneroko erronkei heltzeko. Horixe bera behar dugu aurrera egiteko. Euskal kirolaren indarra gure herriaren indarra da”, adierazi zuen Lehendakariak. Era berean, gogorarazi zuen “lehendabizikoz eta modu ofizialean euskal selekzio batek nazioarteko lehiaketa batean” parte hartuko duela. Hain zuzen ere, Basque Country sokatira-taldea da. “Horixe da Euskadik nazioarteko kirolean ofizialtasuna lortzeko lehendabiziko urratsa.”
Matxalen Ziarsolo kapitainak adierazi zuen datorren denboraldian Bera Berak “helburu berdinak” izango dituela, “zoritxarren arazo ekonomikoak direla eta Championsa ezin izango dugu jokatu” baina “EHF bitartez Gipuzkoa eta Euskal Herriko izena ondo zabalduko dugu Europan zehar”. Eta Imanol Álvarez, orain arte entrenatzaile izandakoak "arrakasta berriak" iragarri zituen.