Emakumeen Ohorezko mailari dagokion Ligako egutegiko lehengo jardunaldia ezagutzera eman etan handik minutu gutxira, Bera Bera Eskubaloiaren izena Vienan agertu da, EHF Cupeko hirugarren kanporaketako zozketan, hain zuzen.
Donostiarrek lehenengo partida etxean jokatuko dute, azaroaren 15-16an bigarren txanda gaindituko duen taldearen aurka, Italiako txapeldun Jomi Salerno edo Islandiako IBV, Ligan finalerdietara iritsi zen taldea. Italiarrek zein islandiarrek Salernon elkar ikusiko dute urriaren 18-19an eta itzulera Islandia hegoaldean uharte batean dagoen Vestmannaeyjar hirian, urriaren 25-26an.
Eskubaloian Islandia erreferentzia handiko herria izan arren, IBV taldeak eskarmentu gutxi du Europan. Bi aldiz baino ez da izan bertan: 2000-01 denboraldian EHFn eta 2003-04an Challenge Cupean, finalerdietara iritsi zelarik. Ligan azkeneko hiru denboraldietan hirugarren gelditu da Liga erregularrean, play-offean final atarian geldituz.
Italiako txapeldun Jomi Salerno, aitzitik, 2000.ko lehenengo hamarkadan askotan aritu zen Europan. Iaz Champions Leagueko prebia antolatu zuen Salernon –Napolitik 55 kilometrotara-, eta WHC Vardar, Rostov eta Fleury talde handiak hartuz. Mazedoniarrek eta errusiarrek ez zuten kupitu. Ostean prebian nagusi izan zena eta Championseko Bera Berako aurkari Vardarrek 35-16 gainditu zuen Jomi Salerno eta hirugarrena izateko partidan, Rostovek 41-18.
Ondorioz, Cup Winners’ Cup jokatu zuten italiarrek, Spono Nottwil suizarra mendean hartu zuten (61-42) baina hirugarren kanporaketan Norvegiako Tertnes Bergen taldearen aurka galdu zuten (49-58).
EHF 2014-15