Bera Bera Eskubaloiak 2014-15 denboraldian EHF Cupean parte hartuko du, Champions League ostean Europako bigarren txapelketan, alegia.
Ligako txapeldun gisa, donostiarrek Europako goreneko txapelketan aritzeko aukera zuen. Halere, Champions Leaguearen antolaketak eragiten dituzten gastuak egun jasaezinak direnez, Bera Berak bertan lehiatzeari uko egin zion. Championsen ez bezala, EHF Cupen ez da derrigorrezkoa eskubaloi marradunak bakarrik duen pista batean jokatzea, azken txandara arte telebistari dagokion exijentziak ezta ere.
Azkeneko urtetan bezala, Bera Berak ‘Euskadi – Basque Country’ marka eramango du bere kamisetan.
1993an Errekopan debuta egin zuenetik, birritan baino ez du huts egin Bera Berak Europan, EHF, Errekopa –Cup Winners’ Cup-, City Cup eta Champions League aritu delarik. Europako goreneko txapelketako multzoen fasean jokatzeaz gain, Bera Beraren lorpenik handiena 2008ko Errekopako finalerdiak dira, Errumaniako Brasov taldearen aurka jokatu zituenak.
Teorian, EHFko hirugarren txandan lehian sartuko litzateke Bera Bera, hau da, azaroan, joaneko partidan 15 edo 16an eta itzulera, 22 edo 23an.