Aitor Etxaburu: “Helburu berak hizpide izatea gustora nintzateke”
“Entrenatzaile gisa haziko naizen leku batera nator, elitera, emakumeen eskubaloian errendimendu gehien lortu duena, taldera egitera ahalik eta gehien, liga ezagutzeko lan itzela egitera nator, umil, ikasteko gogo handiarekin eta laguntza handia behar duena” adierazi du Aitor Etxaburu, datorren denboraldian Bera Berako entrenatzaileak.
Bera Berako eskubaloiko arduradun Tati Garmendia lagun, entrenatzaile gipuzkoarra eguardian Bidebieta kiroldegian aurkeztu dute. Biek, arduraduna eta entrenatzailea, “poza” ageri dute.
Agerraldian, Tati Garmendiak onartu du “ez genuela Aitorrengan pentsatu, ustez bere asmoak besteak zirela baina behin hitz egiten hasi ginenean oso erraza izan da”.
Aitzitik, Aitor Etxaburuk aipatu du “nire asmoetan Bera Bera zegoen”. “Pena da baina gizonezkoen eta emakumeen eskubaloia bi mundu direla dirudi, baina eskubaloia unibertsala da, hizkuntza batekoa”.
Hondarribian bizi den eibartarrak azaldu du “entrenatzaile gisa 30 urte daramat”, 17 amateurrean, hau da, jokalari gisa (Barcelona, Teka, Granollers eta Bidasoa) harrobiko taldeak gidatu ditu eta profesionaletan Bidasoa (bederatzi denboraldi) eta beste lau Helvetia Anaitasuna zuzendu ditu, Iruñako taldea zilarrezko mailan hartu zuen eta aurten Asobalen zazpigarren kokatu du eta Kopako finalerditean.
Etxaburuk onartu du “etxetik gertu egotea, familiatik gertu egotea oso garrantzitsua da baina ez erabakiorra”. Bere esanetan, “erabakitzako aukera izan dut eta elitean dagoen proiektu bat aukeratu dut”.
Bera Berako entrenatzaile berriak jakin badaki listoia altu duela bi triplete jarraian lortu dituen taldean. “Lana oso zaila da, maila handikoa eta ea gai garen berdintzeko”. Horretarako “nik eskubaloia nola ulertzen dudan garatu nahi dut baina ehuneko ehunean entrenatzailearen filosofia ezartzea harrokeria izango litzateke”.
Horregatik, bere ustez, “jokalari motaren arabera, fisikoki nolakoa diren, zer nolako maila teknikoa eta taktikoa duten behin ezaguturik, joku estiloa definituko dugu” eta hortik aurrera “bide horretan lanean jarri, zu jokalariei egokitu eta beraiek zuri”.
Zentzu honetan, Tati Garmendiak onartu du “azkeneko urtetako jokalari gehienak mantendu nahi ditugu eta plantillari forma emateko azken baliabideen zain gaude”.
Etxaburuk ideia berretsi du. “Baliabideak behin finkaturik daukagunarekin lan egiteko prest gaude. Pasa den deboraldiko helburu guztiak hizpide izatea gustatuto litzaidake baina talde honen ezaugarri nagusiena da oinak lurrean dituela eta lehenengo plantilla osatu behar dugu eta urrats horretan gaude”.