Gipuzkoako Foru Jauregian gaur eguardian jasotako harreran, Gipuzkoako Ahaldun nagusi Martin Garitano eta Kultura, Gazteria eta kiroletako foru diputatu Ikerne Badiolak azpimarratu du “gaur egun Gipuzkoako kirolak duen osasuna oparoa da, horrelako arrakastak ikusi besterik ez dago”.
Izan ere, Bera Berarekin batera izan dira harreran Ibarrako sokatira taldea, Munduko txapelketan brontzezko domina lortu zuena; Iñigo Peña piraguista, K4 modalitatean Munduko Kopan urrea eskuratu zuena eta Espainiako judo txapelketako garaile Dasnel González.
Foru Aldundira sartu aurretik kirolariak eta agintariek sokatiran aritu dira.
Barruan, ekitaldian Martin Garitano eta Ikerne Badiolak litografia eman diote Matxalen Ziarsolo kapitainari eta honek Ligako kopa jaso ostean Bidebietan egindako ospakizunaren argazki bat.
Agerraldian, klubeko presidente Fernando Diez Mintegik, bertan zirenak zoriontzeaz gain, denboraldiko lorpenak errepasatu ditu, “iazkoa gainditu dugularik, Championsean egindako partaidetzarekin eta lortutako lau txapelketak: Superkopa, Euskadiko kopa, Erreginaren Kopa eta Liga”, lau garaikurrak testigo.
Halere, onartu du “liga ekonomikoan kale egin dugu” eta ondorioz, berriro ere “babeslego pribatuari” egin dio deia “gu bezalako talde batekin elkartzea oso balore positiboak luzatzen dizkiogulako gizarteari eta errentagarritasuna ziurtzat jotzen dugulako”.