Gaur goizeko 9,15etan atera da Bidebietatik Autocares Davideko autobusa. Liga amaitzeko sei partida gelditzen dira, horietatik etxetik kanpo lau, ondorioz argi dagoena da bigarren liga lortze aldera Bera Berak Donostiatik at fin ibili beharko du. Elx, Valladolid, Alcobendas eta Leon erabakiorrak izango dira
Bihar ibilbide honek lehenengo geltokia izango du. Carrus pistan izan arren Bera Bera baikor da eta aurten garaipenari heldu nahi dio. Azkeneko garaipena 2008ko otsailean izan zen, donostiarrek igo berri zen Elche Mustang taldea gainditu zuten 17-28, Matxalen Ziarsolo egun kapitainak sei gol sartu zituelarik.
Hortik aurrera partida estuak izan dira guztiak baina elxetarrek irabazi zituztenak: 25-24, 28-27, 30-29, 27-24 eta 22-21 azkeneko bost denboraldietan, batean izan ezik lau denboraldietan gol bakar batez galdu zutena.
Halere, iaz azpitxapeldun Elche taldeak aurten ez du maila hori mantentzerik izan. Egun seigarrena da sailkapenean eta Porriño bi puntura du. Denboraldi honetan Ana Martinezen hutsunea Ivet Musons jokalariarekin betetzen saiatu dira, Mamen Rodríguez galdu du baina Popovic pibotea itzuli berri da Carrusera.
Arazo fisikoak
Selekzio ezberdinetako egonaldiak arazo fisikoak ekarri dituzte. Bidaia egin arren, Patri Elorzaren ekarpena zalantzan dago sudurraren egoera dela kausa; Eli Pinedok gripeak jota ez du entrenaldirik burutu aste osoan eta gazteenak nekaturik eta kolpeekin iritsi dira.
Horrez gain, Kopan bezala Yamiley Rodríguez deialdian sartu dute oraingo honetan María Akuña ordezkatuz eta zerrendan sartu da Nitsan Dunay, Bidebietan, Vero Cuña gelditu delarik.
Taldea konbentzituta dago aurrean sei finala dituela eta abantaila ez du Elxen galdu nahi. Egoerak Alacanten eman zena gogora ekar lezake, orduan Bera Berak Alcobendas gainditu zuen Bidebietan eta San Agustin ikastetxeko pistara atera zen bigarrenarekiko bost puntuko aldea zituela. Horregatik, Elxen bi puntu baino gehiago ditu jokoan Bera Berak.