Aurkariek mesede egin arren ez dago erlaxamendurako betarik
Ligako 20. jardunaldia, Kopa eta selekzioetako partiden artean gelditzen zena, mesedegarria izan da Bera Berarentzat.
Helvetia Alcobendasek Pabellón de los Sueñosen galdu zuen urtebete baino gehiago pasa ostean –azken porrota Rocasaren aurka izan zen 2013ko martxoaren 9an-. Gainera, Kopako final-laurdenetan aise gainditu zuen taldearen aurka iritsi zen ezhustea. Baja ugari izan arren, BM Porriñok 23-27 irabazi zuen Europan jokatzeko aukera ematen duen bostgarren postuari eusteko. Nora Azurmendi donostiarrak ohorezko mailan lehenengo gola sartu zuen azken penaltia gauzatuz.
Porrota honekin Liga irabazteko aukerak zeharo murrizten zaizkio Alcobendasi, izan ere, hirugarren postuan izanik, Rocasarekin berdinduta (gol average galduta), gipuzkoarren eta kanariarren akatsak ezinbestekoak dituzte. Helvetia Alcobendasek Bera Bera hartuko badu ere maiatzaren 3an, irabazita ere gol average delakoa bereganatzeko oso zaila du (Bidebietan, 36-22) eta horrez gain donostiarren beste porrota behar dute. Eta gutxi balitz, Rocasak puntu bat galdu behar du, kanariarrak berdinketa guztietan garaile direlako. Eta puntu guztiak irabazteko egutegia konplikatua dute madrildarrek. Bera Bera aparte, Valentzian jokatu behar dute hurrengo jardunaldian eta horren ostean jaitsiera postuak saihesteko borrokan dabiltzan Adesal Córdoba eta Kukullaga (azken jardunaldia) hartuko dituzte eta Castelldefels eta Valladoliden bisitatu.
Apirila erabakiorra
Rocasak galdu zuen puntua Leonen Bera Berari arnas gehiago ematen dio baina ez lasaitze aldera. Gol average ez ezik kanariarrek egutegia ere lagun dute. Donostiarrak partida bat galdu eta beste bat berdintzeko moduan izango lirateke baina gehiagi arriskatzea litzateke.
Aurten Rocasak final estuak bizi izan ditu etxetik kanpo. Ohikoa da kanariarrak sufritzea Teldetik kanpo eta 2014a ere horren adibide da. Urtarrila hasi zuen Porriñon galtzen (35-30) eta horren ostean Kórdoban eta Castelldefelsen gol bakar bati esker irabazi zuen, Valladoliden hiru goleko aldea atera zion Aulari eta Alcobendasen berdindu zuen.
Datorren jardunaldian Rocasak Mecalia Atlético Guardés hartuko du eta hurrengoan Elche Mustang. Barakaldora egingo du bidaia apirilaren amaieran eta maiatzean, Porriño etxean, Valentzian jokatuko du eta Telden amaituko du Adesal Córdobaren aurka.
Azken sei norgehiagoketatik, etxetik kanpo lau jokatuko ditu Bera Berak. Eta apirila erabakiorra izan daiteke. Gainera Elxe eta Valladoliden artean Zarzuelatik pasatuko da, Erreginak apirilaren 10ean egingo dion audientzian. Apirilaren 5ean beti zaila den Carrus pistan jokatuko dute donostiarrek eta apirilaren 12an Valladoliden. Bertako Aula Cultural Ligako errebelazioa da, igo berri den taldea zazpigarren da Europatik hiru puntura.
Aste Santua ostean, apirilaren 26an (19etan), Bera Berak Kukullaga Etxebarri hartuko du Bidebietan. Eta maiatzean, ligako partidarik erabakiorrena iritsiko da, Alcobendasen maiatzaren 3an. Mar Alicante izango da Donostian maiatzaren 10ean eta Liga Leoenen amaituko du Bera Berak maiatzaren 17an. Cleba León taldean azken sei partidetatik bost irabazi ditu etxean. Ondorioz, zabaldu den tartea interesgarria izan arren, iaz garai hauetan ez bezala huts egiteko aukera ematen duena, erlaxamendurako betarik ez dago.
Gaur Bera Berak ez du entrenaldirik, bihar arratsaldean mutilen aurkako lagunartekoa jokatuko dute Bidebietan, ostegunean eta ostiralean izango dituzte saio ezberdinak eta asteburuan, jai. Gainera, sei jokalari (Elorza, Martínez eta Pinedo, Espainiako lehen taldean; Arrojeria eta Etxeberria, junior selekzioarekin eta Dunay Israelekin) kanpoan dira.