Zortzi final hiruko Ligarako eta berdinketa aproposa Alcobendasen
Lehiaketa amaitzeko hiru hilabete falta dira, hau da, zortzi partida maiatzaren 17ra. Eta hiru punturen aldean hiru talde gelditu dira sailkapeneko buruan Canyamelar Valenciaren aurkako garaipenari esker (32-17), Bera Berak bi puntuko aldea du Helvetia Alcobendasekiko eta hiru BM Rocasarekiko, Alcobendaseko Pabellón de los Sueños pistan bi talde hauek berdindu baitzuten (31-31).
Donostian albiste pozgarria izan zen. Garaipena Alcobendasen gelditzeko zorian egon zen partidako 50 minutu baino gehiagotan, halere, BM Rocasan irauli egin zuen -19 gol bigarren zatian- baina azken jaurtiketan ez zuen asmatu.
Donostiarrentzat emaitza aproposa zen hiru arrazoi direla medio. Alde batetik, aurkariekiko aldea puntu baten gehitu duelako, Bera Berak bere zilborrari baino ez diolako begiratu behar. Bestetik, Alcobendas bi puntura badu ere eta gipuzkoarrak Pabellón de los Sueñosetik pasatu behar dutela ere, madrildarrek oso zaila dute gol average bereganatzea, Bidebietan 36-22 galdu baitzuten eta 14 golez galtzea ez da inoren buruan sartzen. Hau da, bigarren partida batean huts egin beharko luke Bera Berak.
Eta hirugarren arrazoia da BM Rocasarekiko aldea hiru puntura zabaldu dute eta erabakiorra izan daiteke. Telden Bera Berak ikusi zuen kanariarrak bi puntura gerturatu zirela eta gol average delakoa bereganatzen zutela, donostiarrak akatsik egiteko aukerarik gabe utziz eta egutegi latza aurretik.
Etxetik kanpo bost jardunaldi
Horiz jantzitakoak dute egutegia alde. Falta diren zortzi jardunaldietatik, Bera Berak etxean hiru norgehiagoka izango ditu eta etxetik kanpo, bost; BM Rocasak, alderantziz. Telden BM Rocasak hartuko ditu (Mar Alicante, Kopa aurretik; apirilean, Guardés, Carmen Martín fitxatu berri du eta Elche eta maiatzean, Porriño eta Kukullaga) eta hiru etxetik kanpo (León, Kopa ostean, Zuazo apirilean eta Canyamelar Valencia maiatzean).
Bestetik, Helvetia Alcobendas Barakaldo bisitatuko du antolatzen duen Kopa arestian; ostean, final-laurdenetan aurrean izango duen Porriño berriro hartuko du Ligan, gero Valentziara abiatuko da, Adesal hartu, Castelldefelsen jokatuko du, maiatzaren 3an Bera Bera hartu, Valladolid izango da azken bidaia eta Liga Kukullagaren aurka amaituko du.
Eta donostiarrak Kordoban arituko dira ostiral honetan Kopari ekin aurretik. Ostean, martxoaren 22an Castelldefels hartuko dute. Selekzioen partidak direla eta etenaldia izango dute eta Bera Berak bi irteera zailak izango ditu Elche eta Valladolid (apirilaren 5 eta 12an), Aste Santu ostean Kukullagak Bidebieta bisitatuko du (apirilaren 26an), Alcobendasera berriro (maiatzaren 3an), Mar Alicante hartuko du (maiatzaren 10ean) eta denboraldia Leonen itxiko du.