Atzo arratsaldean Alcobendaseko udaletxean Kopako XXXV. edizioko zozketa burutu ostean, gaur ezagutzera eman dira martxoaren 14tik 16ra bitartean Madrileko hiri honetako Amaya Valdemoro izeneko pabeloian jokatuko diren zazpi partidetako ordutegiak.
Harrigarria bada ere, martxoaren 14an eguardiko 12etan, Mar Alicante eta Mecalia Atlético Guardés taldeek Kopa irekiko dute eta Bera Bera eta Prosetecnisa Zuazo Barakaldo taldeek final-laurdenak iluntzeko 20,15etan itxiko dituzte. Hau da, zozketako taulan diren beheko taldeek, finalerdian larunbatean 16etan topo egingo dutenek, aurrenak eta azkenak jokatzen izango dira. Ondorioz, kasu honetan Mar Alicante edo Mecalia Atlético Guardések atsedena hartzeko euskaldun taldeak baino zortzi ordu gehiago izango dute.
Beste alde batetik, Elche Mustang eta BM Rocasa Ace Gran Canaria taldeek 15,45etan jokatuko dute eta bertako Helvetia Alcobendas eta BM Porriñok, 18etan. Garaile irtengo diren taldeak larunbatean 13,30etan elkartuko dira (Teledeporte zuzenean). Finala igandean, martxoak 16, 13etan izango da (Teledeporte).
Twitterren bitartez, Bera Berak entrenatzaile Imanol Álvarezek Espainiako Federazioari ordutegiak finkatzeko orduan hartu ziren irizpideen inguruan galdetu dio. Federazioak Konpetizio arloarekin harremanetan jartzeko erantzun dio.
Adeitasunez, Konpetizio arloak Bera Bera Eskubaloiari azaldu dizkio kontutan hartu diren irizpideak, zozketaren emaitza, telebistarekin hartutako konpromisoak eta antolatzaileek ezarritakoak direlarik. Horrela, Helvetia Alcobendasek 18etan jokatu nahi zuen eta, antza, bere ustez Elche Mustang- BM Rocasa Ace Gran Canaria taldeen arteko partidak beste norgehiagoka baino jende gehiago eramango du Amaya Valdemoro kiroldegira ostiral batean 15,45etan. Hori dena Espainako Federazioak ontzat eman du.
Honen inguruan, Bera Berak erantzun du ulertzen duela antolatzaileak lehentasuna izatea ordutegia finkatzeko orduan, baita ere Teledeportek zuzenean eskainiko duen final-erdia bakarra berak joka lezakeena izatea (iaz Galizan, antolatzaile baten final-erdia eskaini zuen zuzenean Teledeportek). Era berean, Bera Berak adierazi dio Federazioari desegokia ikusten duela hurrengo egunean Kopako final-erdia jokatzerakoan talde batek zortzi ordu baino gehiagoko atsedena izatea eta hori saihesteko aukera ederrak zirela.