Alcobendaseko Udalean gaur arratsaldean ospatu den Kopako zozketaren arabera Prosetecnisa Zuazo Barakaldo egokitu zaio Bera Berari, martxoaren 14tik 16ra bitartean burutuko den XXXV. edizioan.
Aurten Kopa hiru egunetan burutuko da, hau da, ostiralean hasita igandera arte eta Amaya Valdemoro pabeloian jokatuko dira zazpi partidak.
Zozketan, zerrenda buruak atera dira aurrena, Bera Bera eta Helvetia Alcobendas, lehenengo itzulian líder eta bigarrena bukatu ostean. Azkeneko hiru edizioetan bi talde hauek izan dira finalera iritsi direnak: 2011 Telden, Itxako eta Elda; 2012an Altean, Itxako eta Bera Bera eta iaz Porriñon, Bera Bera eta BM Rocasa.
Halere, Kopa oso txapelketa berezia da eta ezusteak ugari dira. Iaz Porriñon, final-laurdenetan Zuazo Barakaldo Bera Bera kanporatzeko zorian egon zen. Donostiarrak luzapenean gainditu zuten bizkaitarrak eta gogoratzekoa da, besteak beste, Ana Temprano orduan Zuazon egindako partida.
Denboraldi honetan, Bera Berak eta Zuazok lau aldiz elkar ikusi dute: Ligako bi partida, Euskadiko kopan eta bi lagunartekoetan. Donostiarrak nagusi izan dira beti baina Ligako bi partidan, Lasesarren eta Bidebietan, Zuazok estu hartu zituen gipuzkoarrak.
Horrela, final-laurdenak gaindituta, Mecalia Atlético Guardés vs Mar Alicante taldeek osatzen duten kanporaketaren garaile izango dute aurrez aurre. Zozketaren beste aldean, Helvetia Alcobendasek BM Porriño izango du aurkari eta Elche Mustang taldeak BM Rocasa.
Koparako ordutegiak honako hauek dira: ostiralean 12,30, 16, 18 eta 20etan, nahiz eta oraindik ez diren zehaztu. Final-erdiak larunbatean izango dira 13,30etan (Teledeporte zuzenean) eta 16etan (Teledeporte diferituan) eta finala igandean 13etan (Teledeporte zuzenean).