Alcobendaseko udalak bihar, otsailak 25 asteartea, hartuko du 18etatik aurrera Kopako XXXV. edizioko zozketa, Madrileko hiri honetan martxoaren 14tik 16ra bitartean burutuko dena.
Bera Berarentzat 23. partaidetza jarraia suposatuko du, izan ere, ohorezko mailara igo eta hurrengo urtean iritsi zenetik ez baitu hutsik egin, 1992az geroztik hain zuzen. Eta hirugarren urte jarraian zerrendaburu izango da, aurten Helvetia Alcobendasekin batera. Ondorioz, aurreneko itzulia amaieran zein gaur egun sailkapenean liderrak eta bigarrenak balizko finalean baino ez dute elkar ikusiko.
Gipuzkoarrak hiru txapelketa eskuratu dituzte (2007, 2009 eta 2013) eta beste sei edizioetan finaleraino iritsi ziren (1993, 1996, 1997, 2006, 2008 eta 2012).
Edizioak eta aurkariei erreparatuz, orduan Corteblanco Bidebietak 1993an iritsi zen aurreneko aldiz finalera Pinton. Final-laurdenetan Valencia Urbana gainditu zuen, ondoren Remudas eta finala Mar Valenciaren aurka galdu zuen (21-29). Zerrendari begiratuz gero, Espainiako eskubaloiak bizi izan duen aldaketa agerian jartzen da: Iber-Mar Valencia-Mar Osito- Sagunto, Ferrobús Mislata-Ribarroja, Elda, Itxako... arrazoi ezberdinegatik ez direlako egun ohorezko mailako taldeak.
Horrela, Alcobendasen Bera Berarekin zozketa bat egingo dutenen artean, Teldekoa da - lehen Remudas eta orain BM Rocasa Ace Gran Canaria- Kopan gehien ikusi duen taldea, guztira bost kanporaketa, hain zuzen. 2000. urtean baino ez ziren kanariarrak nagusitu, gainontzekoak donostiarrak garaile izan ziren. Finala bakarra jokatu zuten, iaz Porriñon (25-24). Egun sasoi onean da Rocasa eta akaso Bera Berarentzat aurkari zailena biharko zozketan.
Ligan goiko postuetan diren hiru taldeaz gain, aurtengo Kopan Galizako bi taldeak errepikatuko dute Mecalia Atlético Guardés eta BM Porriño, Zuazo Barakaldo eta Mediterráneori so, Elche Mustang eta Mar Alicante.
Izan ere, Bera Berak Alacanteko aurkaria izan du askotan. Mar Alicante izan ezik, azkeneko zortzi edizioetatik sei aldiz donostiarrek Elda Prestigio eta Elche izan dituzte aurrez aurre eta Telden 2011an baino ez amore eman, orduan Elda nagusi izan baitzen (29-34). Azkeneko bi urtetan, 2012an Altean eta iaz Porriñon, Bera Berak Elche gainditu zuen final-laurdenetan eta final-erdietan.
Horrela, biharko zozketan izango diren taldeen artean Guardés, Porriño eta Mar Alicante dira orain arte, 22 edizioetan, Bera Bera ikusi ez dituen aurkariak. Halere, argi dago edizio guztietan eman den beste ezaugarri bat, talde onenak gainditu beharko ditu txapela berriro lortzeko, hain zuen.