Maitane Etxeberria eta María Akuña: itzuli osoa lehen taldean
2013ko irailaren 28a gogoratzeko moduko data izango da Maitane Etxeberria eta María Akuña jokalarientzat. Eskuin hegalak lehenengo taldearekin debuta egin zuelako eta atezainarentzat aurreneko deialdian sartu zelako Yamiley Rodríguezen lesioa zela eta. Barakaldoko Lasesarreko kiroldegian izan zen, Zuazoren aurrean, Bera Beraren hurrengo aurkaria (Bidebieta, larunbata 19etan).
Ligako hirugarren jardunaldia zen. Beroketan María Akuña galduta zebilen, Maitane Etxeberriarentzat laugarren deialdia zen, Superkopako finalean eta Ligan A Guardan eta Bidebietan BM Rocasaren aurka izan ostean.
Bigarren zatiaren erdia baino gehiago jokatu zela, Imanol Álvarezek markagailua estu zegoela (18-19) Maitane Etxeberria sartu zuen. Gazteak, orduan 16 urte, segituan erantzun zuen eskuin hegaletik gola sartuz (18-20) eta partida berak itxi zuen (20-25).
Partida horren ostean, Maitane Etxeberria Ligako norgehiagoka bakarra galdu du, etxean azkenekoa, Mecalia Atlético Guardésen aurkakoa. Izan ere, klubeko kadete eta jubenil mailako Euskal Ligako taldeak ligari eusteko Maitane Etxeberriak jubenilekin jokatu zuen eta helburuak, Barakaldon gainera, gauzatu ziren.
2013ko abuztuaz geroztik, eskuin hegalekoak 35 partida jokatu ditu eta beste bost norgehiagoketan lau talde ezberdinetako deialdian sartu da.
Espainiako jubenil mailako selekzioarekin Poloniako 17 urte azpiko Eurokopan izan zen abuztuan zuen, lehen urtekoa izan arren. Guztira sei partida, minutu asko eta 22 gol. Ohorezko mailako Bera Berarekin 12 norgehiagoka jokatu ditu 39 gol sartuta, Castelldefelsen izan ezik guztietan gol sartu du. Champions Leagueko partida guztiak jokatu ditu Podravkaren aurkako azken jardunaldian izan ezik, Larviken gol bat sartuz.
Era berean, Verónica Valverdek zuzentzen duen jubenil mailako Bera Berarekin, taldeko partida erdiak jokatu ditu, zazpi. Eta urtarrilean Asturiasen Euskadiko selekzioarekin Espainiako lurraldeen arteko txapelketa jokatu zuen. Bost partidetan 24 gol sartu zituen (batean atsedena hartu zuen) eta brontzeko domina gol bakar batez ihes egin zien euskaldunei.
Imanol Álvarez eta Martin Larrañaga entrenatzaileek Maitane Etxeberriari jai eman diote ia aste osoa, Asturiasetik etorri zenean bezala.
María Akuña, 19 deialdi
Bestalde, Maria Akuñaren egoera ez da hain pozgarria atezain lana betetzen duelako, ardura handiko postua, alegia. Halere, Barakaldoko ezohiko egoera gainditu zuen eta bere lana oso ondo bete du, datuak adierazten dutena baino garrantzitsuagoa dena. Bi penaltietan izan bazen ere, bere debuta 2013ko urriaren 2an izan zen Bidebietan BM Porriñoren aurrean.
Baina Castelldefelsen erronka handiari heldu zion Maria Akuñak etorkizunaren islada. Lehenengo zati amaieran epaileek Ana Tempranori txartel gorria atera zioten kataluniar jokalari bat lurreratzeagatik. Ondorioz Akuñak bigarren zati osoa atea zaindu behar izan zuen markagailuan berdinketa izanik. Aldagelatik bueltan Bera Berak 0-6 partziala lortu zuen eta Maria Akuñak hiru geldiketa egin zituen, penalti bat eta guzti. Ondoren, taldeak ondo kudeatu zuen aldea partida irabazteko (24-30).
Atezain gazteak Championsa gertutik bizitzeko aukera izan du baina debuta egin gabe. Lagunartekoetaz gain, María Akuñak minutuak izan ditu Bidebietan Valladolideko Aula Cultural taldearen aurrean (32-17), Etxebarri Kukullagaren aurka (15-40), Zumarragan burutu zen Euskadiko kopan –Zuazo eta Kukullaga aurkari- eta Cleba Leónen aurka.
Ohorezko taldearekin izandako 19 deialdiaz gain, Liga eta Champions hartuta, Maria Graciak zuzentzen duen Bera Bera senior taldearekin sei partida jokatu ditu.
Argazkia: Juan Antonio Garaikoetxea (Bera Bera vs Aula Cultural Valladolid)