Imanol Álvarez: “Liga irabazi nahi duenak Rocasa gainditu behar du”
“Rocasari irabaziz gero sei puntuko aldea eta average lortuko genuke. Partida zailak gelditzen zaizkigu baina Rocasai ere bai, beraiekiko urrats garrantzitsua izango litzateke, ez da erraza izango baina partida hauek oso ondo jokatzen ditugu” adierazi du Bera Berako entrenatzaile Imanol Álvarezek komunikabideen aurrean.
Zentzu honetan, aipatu du “kanariarrek irabazteko behar gehiago dute, ez badute lortzen oso zaila ikusten dut abantail hori galduko dugunik”. Bere ustez, “oso erronka garrantzitsua bezain polita da, jokalari guztien gustokoa” eta partidari begira ematen diren baldintzak egokiak ikusten ditu, aurkari zuzena da eta etxetik kanpo delako. “Talde ona bagara, han partida ona jokatu behar dugu” azpimarratu du.
BM Rocasari buruz dio “Ligako erasorik onena du, jarraipena ematen dio, buruz jokatzen dute”, halere ziur dago “gure defentsak aurre egingo diola”. Horrez gain, “lasaitasuna eta patxada” eskatzen dio taldeari eraso posizionalean, entrenaldietan lantzen ari direna. Imanol Álvarezek onartu du Mecalia Guardésen aurka bere taldea “estu, presazko jokuarekin, aukera onenak aukeratu gabe”, era berean, “Guardesen defentsak gure akatsak eragin zituen” eta ahalegindu da “hori guztia zuzentzen Rocasaren aurka partida on bat jokatzeko”.
Rocasaren aurka bi norgehiagoka jokatu ostean eta lehengo asteburuan Errusian Lada Togliattiren aurka EHFko finalzortzirenetan galdutako (28-30 eta 26-16) bi partida ikusi ondoren, Bera Berako entrenatzaileak berresten du “aipagarriena da taldean egiten duten jokua”. Halere, ziur da “gauzak ondo egiten baditugu, irabaziko dugu”.
Sailkapenean duen aldea kontutan hartuta, berdinketa bat edo lau goleko abantailari eusteko average ziurtatzeko galdeturik, Imanol Álvarezek dio “guri oso ondo datorkigu partida hau irabaztea hurrengo norgehiagokei heltzeko, gure lana berresteko, hau da, irabazi behar dugu bai ala bai. Eta gai gara. Talde indartsua da, gure aurka izan dituzten azken partidak direla eta motibaturik aterako dira oso baina lider gara eta Liga irabazi nahi duenak pista honetan irabaztera atera behar da”.
María Núñez: “Guri irabazteko irrikitan daude”
Bestetik, Maria Núñez piboteak jakin badaki “partida zaila izango da, etxean jokatzen dutelako eta gu gainditzeko irrikitan daude azkeneko partidak direla eta”. “Oso puntu garrantzitsuak dira, irabazten badute goiko postuetara itzuliko dira; aitzitik, guk ez dugu behar hori sentitzen, ondorioz, lasai joan behar dugu”.
Entrenatzailearekin bat egiten du adierazten “Rocasak Ligako eraso jokurik onena duela, horregatik gure defentsak %200a eman behar du”.
María Núñezek onartzen du “badakigu zer topatuko dugun han”, Europako kanporaketa ostean “Rocasa gogo biziz aterako da, etxean jokatzeak gehiago ematen dizu, oso pista zaila, da zalegoak asko animatzen du eta epaileak onak dira”. Ondorioz, baldintza guztiak partida on bat ikusteko, larubatean Teldeko Antonio Moreno kiroldegian (19,30etan Donostian).