Abuztuaren 5ean aurredenboraldia hasi zuenetik eta irailaren 4tik azaroaren 23ra arte 17 partida jokatu ostean, Bera Berako plantillak –Pinedo eta Elorza internazionalak izan ezik- merezitako astebeteko atsedenaldia du. Egun hauek ondo etorriko dira burua argitzeko, entrenaldiak, bidaiak eta partidak atzetu eta aurten bezala erakargarria izango den 2014. urteari begira indarrak hartzeko.
Taldea abenduaren 2an, astelehena, elkartuko da berriro eta Imanol Álvarez entrenatzailearen esanetan “lehiaketako zikloak errepikatu nahi ditugu, hau da, egunero entrenatu eta asteburan jokatu”. Izan ere, Bera Berak gutxienez bi lagunarteko jokatuko ditu abenduan, larunbata 7, Ermuan Zuazo Barakaldoren aurka eta 20an ostiralean Zumarragan Kukullaga Etxebarrirekin. Erdian, 14ean, Euskadik jokatuko du Elgoibarren Txileren aurka.
Ohorezko mailako jokalariekin bat egingo dute deialdiak osatzen eta minutuak jokatzen ari diren gazteak eta aurredenboraldia burutu zutenak, Eider Lizarbe, Olatz Ramón eta Lur Errekondo, alegia.
Abenduaren 22tik urtarrilaren 1era arte atsedena izango dute baina etxeko lanak ere bai eta urtarrilaren 2an berriro ere talde osoa elkartuko da, internazionalak barne, urtea hasiera estuari aurre egiteko. Horretarako, Etxebarrin Euskadiko kopa jokoan izango dute, finalerdia urtarrilaren 4ean Zuazo Barakaldoren aurka eta irabaziz gero finala hurrengo egunean.
2014ko urtarrilaren 11an itzuliko da Ligan, orduan Bera Berak Helvetia Alcobendas hartuko du Bidebietan. Madrildarrak larunbat honetan Canyamelar Valencia taldearen aurka hamar partidak osatuko dituzte -zortzigarren jardunaldiko partida atzeratu zuten- eta irabaziz gero bigarren kokatuko lirateke gipuzkoarrekiko hiru puntura kokatuz, norgehiagoka ezin erakargarriagoa osatuz lehiaketari berriro ekiteko.
Horren ostean, donostiarrek Alacantera egingo dute bidaia, Cleba Leon hartuko dute lehenengo itzuli amaiera, hurrengo astean Bidebietan berriro ere, non Mecalia Atlético Guardés izango zaie bisitari, aurkari zuzena alegia, eta Kanarietara abiatuko dira Rocasaren aurka aritzeko erabakiorra izango den partidari ekiteko.
Sariak
2013an burutu duen ibilaldia kontutan hartuta: Kopa, Liga, Superkopa eta Champions Leaguen partaidetza, Bera Berak egindako lana goraipatuko dute, besteak beste, Teledonostik Kirolari Protagonista Saria emango dio abenduaren 3an Hotel Londresean burutuko duten ekitaldian eta Ondacerok gorespena egingo dio taldeari abenduaren 12an Astoria Hotelean egingo duten galan.