2013. urteko azken bidai luzea. Bera Bera Eskubaloiako gaur Bilbo, Munich, Sofia eta Skopje lotuko ditu Champions Leagueko multzoen faseko bostgarren jardunaldiari ekiteko. Aurrean, WHC Vardar aberatsa, Mazedoniako txapelduna eta Gaskan ikusi zen moduan izarrez betetako taldea. Cristina Nastase eta Simona Raluca errumaniarrek zuzenduko duten partida igandean (18etan) jokatuko da Skopjeko Boris Trajkovski kiroldegian.
Donotian, Vardarrek garaipena eskuratzeko sufritu behar izan zuen. Andrea Lekic jokalariak ardura hartu behar izan zuen azken minutuetan eta Vardarrek bi puntuak poltsikoratu zituen (19-23).
Donostiako partidaz geroztik Vardarrek hobetu egin du bere jokoa. Etxean Larviken aurkako norgehiagoka irauli ostean Nora Mörk jokalariak berdindu zuen segunduak falta zirela (27-27).
Eta hortik aurrera ez du kupidarik izan Pradavka Vegeta taldearekin. Skopje hirian 39 gol lortu zituen (Radicevic, 8; Lekic eta Zebic, 7) hamahiru goleko aldeaz irabazteko eta lehengo igandean Koprinivkan aldea handitu egin zuen (17-35). Vardar eta Larvik Main Round fasea jokatzeko txartela aterata, multzoko lidergoa jokoan dute, orain Skopjen dagoena eta, antza, datorren larunbatean Norvegian jokoan izango dena.
Elche Mustang taldearen aurka intentsita handiko partida ostean iritsiko da Mazedoniara Bera Bera. Arlo positiboan: bi puntu garrantzitsuak eskuraturik, Ligan sendo eta lidergoan aldea handituz; kontutan hartzeko, aldiz, Núñez, Elorza edo Pinedo bezalako jokalariak ia partida osoa jokatu zutela ostegunean, bajen, norgehiagoka sorta –igandekoa 14. izango da bi hilabetetan- eta bidaien eragina antzematen dela taldean.
Eta gainera, taldeak Championsen defentsan ematen ari den mailari eutsi nahi diola, helburua ikasten jarraitzea bada ere. Era berean, Valladolideko Aula Cultura taldearen aurkako partidara ahalik eta ondoen iristea da asmoa (Bidebietan, asteazkena 19,30etan) eta Europako maila goreneko txapelketa garaipen batekin itxi azaroaren 17an, igandean Gaskan. Oraingoz, partida hori oraindik ez dago entrenatzaile eta jokalarien buruan.
Vardarren aurkako partida EHF TV ikus daiteke igandean, 18etan.