Bera Berak 2-10 irauli egin du Elche Mustang gainditzeko (21-20)
Bera Bera Eskubaloiak erronka zailenak gustoko ditu baina gaurkoa sekulakoa izan da. Bidebietako markagailuak 2-10 adierazi du 18. Minutuan. Bera Berak ez du erasoan asmatu, baloiak galdu ditu Elche Mustang taldearen kontraerasoak baliatuz eta ordurako Imanol Álvarezek eskatu ditu bi hutsarteak.
Ermuko entrenatzaileak ez du ezer gorde gaurkoan.Núñez, Elorza, Pinedo eta Menéndez erdian, Etxeberria eta Ziarsolo alboetan, Dunayk kapitaina ordezkatu du erasoan. Elche Mustang taldeak Gómez, Requena, Sempere eta Musons jarri ditu erdian, Vila eta Gutiérrez alboetan eta Anna Pi piboteak Gómez ordezkartzen zuen erasoan, Sempere eskuin hegalean kokatuz.
Elxetarren defentsak emaitzak eman dizkio. Zortzi minuetan Bera Berak bi jaurtiketa egin ditu, Pinedoren kontraeraso bat Trigueros atezainak gelditu duena –olinpikoak ez du gehiago huts egin- eta Dunayren jaurtiketa bat.
Ziarsolok lehenengo gola sartu du 10. minutua pasaturik, baina berak langara bidali duen penaltia eta ondoren kanporatua izanda, aukerak aprobetxatu ditu Elchek Sempere, Jennifer Gutierrez eta Ivet Musonsen aldetik (18. min 2-10) jartzeko.
Hortik aurrera partida aldatu egin da. Imanol Álvarezek bi piboteak jarri ditu pistan, Ziarsolok sekulako gola sartu du eskuin albotik eta Tempranoren geldiketa batek norgehiagokan kokatu ditu donostiarrak. Defentsan intentsitatea igoz korrika egitean asmatu dute, batez ere Eli Pinedok, ardura hartu duen jokalaria, zazpi metroetatik barne. Azken 12 minutuetan Elchek bi gol baino ez ditu sartu, ondorioz, Bera Bera atsedenaldian gertu zegoen (9-12).
Ekaitzatik onik atera da Bera Bera. Eta bigarren zatiari konfidantzaz ekin dio. Maitane Etxeberriak gola sartu du hasi eta berehala, ondoren hegalean jarri da Castrori eskuin albokoa utziz. Pinedoren kontraeraso batek gol batera utzi du Bera Bera baina pasiboren arriskuaz zegoela Ivet Musons jokalariak gola sartu du. Tempranok Gutierrezen aurrean geldiketa bikaina egin du, Pinedok 13-13 ezarri du ondoren bere taldea aurretik jarri du, hau da, 12-3 partziala lortu du Bera Berak.
Hortik aurrera zazpi berdinketa eman dira, 13tik 20ra. Musons ordezkaturik, Mamen Rodríguezek ardura hartu du erasoan eta penaltiak lortzen –guztira hamaika bota ditu Elchek- gipuzkoarrak estu hartu ditu, izan ere, Bera Berak ez ditu bi goleko abantailarik izan.
Pinedok, penaltiz, 21-20 ezarri du lau minutu falta zirela. Ana Tempranok urrundu du Mamen Rodríguezen jaurtiketak eta beste atean, Guilabertek oso geldiketa ona egin dio Menéndezi. Azken minutuan, protagonista berak. Ziarsolok baloia lapurtu du 56 segundu falta zirela, Bera Berak segunduak urratu nahi zituen eta Menéndezen jaurtiketak Guilabertek urrundu du. Hiru segundo falta zirela Mamen Rodríguezek berdinketa izan du baina Ana Tempranorekin topo egin du.
Oso garaipen garrantzitsua Bera Berarentzat. Atzo Rocasak A Guardan galdu zuenez, bigarrena sailkapenean partida bat baino gehiagora du orain. Larunbatean Mazedoniara bidaia Vardar taldearen aurka igandean 18etan jokatzeko.
Fitxa: Bera Bera 21, Elche Mustang 20
Bera Bera 21(9+12): Temprano, Etxeberria (1), Pinedo (12, 6p), Elorza (2), Núñez (2), Menéndez eta Ziarsolo (3) –titular- Dunay, Ederra, Castro (1) y Arizaga. Deialdia osatu dute Arrojeria, Ezkurdia eta Akuña (o.a.).
Elche Mustang 20 (12 + 8): Trigueros, Gutiérrez (1), Musons (8, 4p), Requena, Sempere (3, 1p), Pi (1) y Vila - titular- Gómez (1), Mamen Rodríguez (6, 5p), Mujika, Andreu, Fuentes, Martínez eta Guilabert (o.a.).
Epaileak: Juanjo Gude eta Carlos Gude (EAE).
Kanporatuak: Menéndez (2), Ziarsolo, Elorza eta Núñez (2) Bera Beratik eta Gómez, Requena eta Sempere Elche Mustangetik.
Partzialak: 0-2, 0-5, 2-7, 4-10, 7-11, 9-12 –atsedenaldia- 12-13, 14-15, 17-16, 19-19, 20-19 eta 21-20.