Champions Leaguen jarraitzeko aukera gutxi zituen Bera Berak eta larunbatean guztiz galdu zituen Larviken. Zentzu horretan multzoa erabakita dago Vardarrek aise nagusitu baitzen Kroazian (17-35), ondorioz, norvegiarrak eta mazedoniarrak Main Round delakoan izango dira Györi egungo txapelduna bezala.
Taldea osatu eta gero antzeman zenean, lau partida hauetan lidergoan diren bi taldearen nagusitasuna nabarian gelditu da. Hurrengo jardunaldian -bostgarrena-, Bera Berak Vardar bisitatuko du, gol bakar batez líder dena; Prodavka Vegetak aldiz Larvik hartuko du, igandean, hilak 10, arratsaldeko 6etan izango dira bi partidak.
Ondorioz, Europan jarraitzeko, kasu honetan Cup Winners’ Cup delakoan 2014ko otsailean, pentsa daiteke Bera Berak Prodavka Vegeta 12 golez gainditu beharko du Gaskan azaroaren 17an, igande honetan bi taldeek emaitza bera lortuz gero.
Etxean bi partida jokatu ostean eta beste horrenbeste etxetik at, gipuzkoarren zenbakiak defentsak eta atepean azpimarragarriak dira. D multzoan aritu arren, Larvik eta Vardar talde indartsuekin batera, eta birritan Europako azpitxapeldunen aurka jokatu ostean, lau norgehiagoketan ez da aurkaririk 30 goletara iritsi.
Partidako bataz beste, 27 golekoa da, hau da, 108 gol jasota, donostiarrek sei taldeen zenbakiak hobetzen dituzte: Thüringer, Baia Mare, Lublin, Savehof, Leipzig eta Prodavka Vegeta; Hyporekin berdinduta eta ez oso urruti Hungariako FTC (106) edo Frantziako Metz (102). Erreferentzia jartzekotan, Kroaziako Prodavkak Larviken aurrean 34 gol jaso zituen eta Vardarren aurka, 39 eta 35.
Halere, Europako goreneko lehiaketa jokatzea antzematen da eta asko eraso jokoan. Aurkariek jarritako oztopoaz gain, Bera Beraren baliabide urriak azalean gelditu dira eta, ezin ukatu, area batea edo bestean epailean irizpide ezberdinak jasan izan dituzte. Horrela, Bera Bera da Championsen gol gutxien sartu duen taldea, partidako 19 gol baino gutxiago. Matxalen Ziarsolo (19), Eli Pinedo (17), Patri Elorza (12) eta Alba Menéndez (11) dira golegile nagusienak.