Norvegiako Larvik Champions Leagueko ohiko taldea eta 2009an inauguratu zen Arena Larvik jokalari guztiak egon nahi duten xarma berezietako pista.
Larvikek aurtengo edizioa kontutan harturik 15 urte daramazki Championsen –bederatzi jarraian-. Eta azkeneko lau denboraldietan gutxienez finalerdietara iritsi da –guztira bederatzi aldiz-, 2010-11ko edizioko txapelduna –Itxako gaindituz- eta iazko finala Hungariako Györi taldearen aurka galdu zuena (43-47).
2011tik Ole Gustav Gjekstadek zuzentzen duen taldeak Champions League du helburu, bere Liga aise menperatzen duelako. Halere, datorren asteazkenean egun Byasen liderra hartuko du Arena Larviken. Izan ere, 15 urtez Norvegiako txapelduna izan da Larvik, 2000. urtez geroztik behin baino ez dio liga ihes egin eta hurrengo denboraldian, hau da, 2004-05ean Cup Winners’ Cup delakoa irabazi zuen.
Aktibazioa
Larvikera egindako bidaia ostean, hiru orduko hegaldia Bartzelona-Oslo eta beste bi autobusez, Bera Bera 19,30etan iritsi da bertara eta afaldu aurretik hotelaren inguruan bueltatxo bat egin du taldeak eta aktibazio ariketak. Imanol Álvarezek bihar goizean hitzaldia emango du eta eguardian entrenatuko dira Arena Larviken Europako azpitxapeldunaren aurkako partida prestatze aldera, 19,30etan (Bojan Lah eta David Sok, Eslovenia) hasiko dena eta EHF TVren bitartez ikusterik izango dena.
Castelldefelsen landu zuen garaipena ostean iritsi da Bera Bera eta lehiaketa hau eta bereziki partida hau ikasgai bezala hartzeko asmoarekin.