Liga eta Championseko 14 partida, datozen zortzi asteetan
Datorren larunbatetik aurrera Bera Bera Eskubaloiak burutu behar duen ibilbide mamitsua Bizkaian hasi eta bukatuko du. Barakaldon irailaren 28tik eta Etxebarrin azaroaren 23an bitartean, donostiarrek Ligako zortzi partida eta Champions Leagueko multzon faseko sei norgehiagoka izango dituzte parez pare.
Hau da, datorren larunbatetik aurrera, Bera Berak lau egunean behin partida bati ekin beharko dio. Donostiarrak Gaskan arituko dira igandeetan Championsen (urriak 6 eta 20 eta azaroaren 17an), ondorioz, Ligako jardunaldi horiek, Bidebietan jokatuko direnak, asteazkeneetara aurreratuko dira (urriak 2 eta 16, azaroak 6 eta 13an).
Irteerei begira, Bizkaira birritan joateaz gain, Bera Berak Valentziara egingo du bidaia urriaren 10etan ostegun horretan Canyamelar taldearen aurka jokatzeko, Valentzian lo egin eta gero Bartzelonatik Zagrebera bidaiatuko du eta larunbatean, urriak 12 (18etan), Prodavka Vegetaren aurka jokatuko du Championseko bigarren jardunaldian.
Handik hiru asteetara, Bera Bera Castelldefelsen arituko da urriaren 31ean, azaroaren 1ean Bartzelonatik Oslora egingo du bidaia eta Larvik izango du aurrean azaroaren 2an 19,30etan.
Eta Bidebietan Elche Mustang hartu ostean (azaroak 6, asteazkenean 19etan) Mazedoniako Skoje hirira egingo du bidaia igandean, azaroak 10, Vardarren aurka jokatzeko. Horren ostean, Aula Cultural azaroaren 13an eta Prodavka Vegeta azaroaren 17an hartuko ditu Donostian eta ia aste osoa izango du Etxebarrin, azaroaren 23an, Kukullagaren aurkako partida prestatzeko.
Eta orduan etenaldia iritsiko da, jokalariek ondo hartuko dutena. Ohikoa da garai hauetan Liga etetzea nazioarteko mailako txapelketa medio, kasu honetan, Serbiako Mundiala.