Donostiarrek eta kanariarrek berriro elkar ikusiko dute larunbat honetan Bidebieta kiroldegian (19etan) emakumezko eskubaloiko ohorezko mailako bigarren jardunaldiari dagokion partidan (Ignacio García eta Andreu Marín, Katalunia).
Nahiz eta Liga hasi berri den, garrantzi handiko norgehiagoka da etzikoa, izan ere, diotenez, txapelketa eskuratzeko bi hautagai nagusienak baitira Bera Bera eta Rocasa. Horrela frogatu zen Bera Berak irabazi zuen (25-24) Superkopan eta azken urte hauetan bi talde hauen ibilbideak ikusiz gero.
Bera Bera eta Rocasaren arteko azken partidak esanguratsuak izan dira. Urtarrilaren hasieran, 12-13 denboraldiko 12. jardunaldian, sailkapenean hirugarren ziren donostiarrek liderrari egin zioten bisita. Rocasak puntu bakarra utzi zuen Barakaldon, Elchek baino puntu bat gehiago zuen eta Bera Berak baino bi.
Donostiarrak 20-26 nagusitu ziren, Eli Pinedo lehenengo lerroan aritu zen lehenengo aldiz eta Elcheren aurrean Alcobendasek lorturiko garaipenari esker, Bera Bera líder kokatu zen, Liga amaitu arte utzi ez zuen postua, alegia.
Donostiarren eta kanariarren hurrengo norgehiagoka Porriñoko Kopaka finalean, otsailaren 24ean, iritsi zen. Bera Bera nagusi zen atsedenaldian (14-10) baina kanariarrek irauli egin zuten partida, gipuzkoarren onena ateraraziz. Matxalen Ziarsolok sartutatko penaltiak eta Zoqbiren geldiketak, besteak beste, Bera Berari eman zioten Kopa (25-24).
Urdinen eta horien arteko urteko hirugarren partida Bidebietan ospatu zen maiatzaren 4ean. Ligako azkenaurreko jardunaldia zen eta Bera Bera abiadura bizian joan zen aurreneko aldiz Liga eskuratzea (35-17, atsedenaldian 16-6).
Laugarrena, Superkopako finala, Gaskan irailaren 4ean. Kopako emaitza bera ezezik (25-24), emozioa ere errepikatu zen.
Ondorioz, Bera Berak esaera zaharrari helduko dio, hau da, bosgarrena ez dela txarra. Bigarren jardunaldian izan arren Ligako partidarik garrantzitsuenetarikoa izan daiteke larunbatekoa. Gainera, gipuzkoarrak eta kanariarrak –golen aldeak liderra eman die- eroso ibili ziren larunbatean Mecalia eta Castelldefelsen aurrean.
Lau partida hauen ezaugarri nagusiena da paretsu izan direla, maiatzekoa izan ezik. Eta kanariarrek ez diotela 24 gol baino gehiago Bera Berari sartu, donostiarren indargunea eta gako bat.