“Superkopako finalean eginiko jokua hobetzeko asmoz” helduko dio Ligari Imanol Álvarezek, izan ere, Bera Berak Mecalia Atlético Guardés taldearen pista zailan egingo du debuta larunbat honetan, irailak 14, 20etan (Gonzalo Miranda eta Fernando San Pedro, Madrid).
Bera Berak Galizara egingo du bidaia bihar -10,30etan Bidebietatik- nahiz eta aurretik, 9etan, entrenaldi saioa prest izan.
Pasa den irailaren 4ean Gascan, donostiarrek Rocasa Ace Gran Canaria 25-24 gainditu arren, Bera Berako entrenatzaileak hobetzeko arloak ikusten ditu “batez ere eraso posizionalean eta hainbat gauza defentsan”.
Imanol Álvarezek onartu du “jokalariek iaz baino hobeto jokatzeko deia egin dute”. Izan ere, Bera Berak Ligan bidean utzi zituen bost puntuetatik bat A Guardako A Sangriña kiroldegian gelditu zen eta gainera, irailean. Entrenatzaileak azpimarratu duen bezala “aurten Bera Berari irabaztea txapelduna gainditzea eta talde guztiek izango dute helburu”.
Taldea “ondo” ikusten du, “Superkopa ostean denbora izan dugu Ligako hasiera prestatzeko” eta eraso posizionala hobetzeko gaur Bidebietako entrenaldian landu dute ariketa ezberdinekin.
Argazkia: Juan Antonio Garaikoetxea.