Vienako Schönbrunn Jauregiak bihar ostirala, 20,15etatik aurrera, hartuko du datorren denboraldiko Champions Leagueko multzoen faseko zozketa, ondorioz, txapelketa gorenean izango dituen hiru aurkarietatik bi ezagutuko ditu bertan Bera Berak.
Horien artean, multzo nagusitik bat: Hungariako Györi –egungo txapelduna-, Norvegiako Larvik –txapelduna 2011n-, Montenegroko Buducnost –txapelduna 2012an- edo Esloveniako Krim –aurten finalerdietara iritsi da-. Errekopan, Bera Berak Larvik izan zuen aurkari 1997an eta Buducnost 2008an,gainditu zuena eta finalerdietara heldu zen lehiaketan.
Bestetik, 3. multzoa osatzen duten taldeetako bat izango du aurrez aurre Bera Berak: Austriako Hypo –Cup Winners’ Cup 2013ko txapelduna, Kroaziako C Podravka Vegeta, Suediako IK Sävehof edo Poloniako MKS Lublin.
Bera Bera Eskubaloia 2. multzoan dago Danimarka, Alemania eta Frantziako txapeldunekin batera, FC Midtjylland, Thüringer eta Metz, ondorioz, talde hauek saihestu ditu Bera Berak zozketan.
Hirugarren aurkaria Champions Leagueko bigarren txandatik irtengo da. Gaur ospatu da zozketa eta arituko diren 16 taldeek –lau multzoetan banaturik- irailaren 14 eta 15ean burutuko dituzte kanporaketak. Irabazleak bakarrik eskuratuko du multzoen fasea jokatzeko txartela, ondorioz, donostiarrek bihar ezagutuko dituzte hutsunea betetzeko helburu duten lau taldeak.
Bera Bera Eskubaloiko ordezkaritza bat izango da bihar Vienako zozketan. Horrez gain, larunbat goizean Emakumeezkoen Champions Leagueko oraina eta etorkizuna hizpide izango dituen jardunaldia burutuko da.