Matxalen Ziarsoloren ekarpena onena
Castelldefelsen lorturiko hamar golei esker, Bera Berako kapitaina emakumeen eskubaloi ligako 22. Jardunaldiko golegile nagusiena izan da. Hirugarren aldia da denboraldi honetan Matxalen Ziarsolok horrelako markari heldu diola. Aurrena iragarpena gisa izan zen, Jorge Dueñas lekuko, Etxebarrin Kukullagaren aurka. Hautatzaileak bigarrena ere ikusi zuen, Kopako finalean, Rocasaren aurrean Porriñon.
Garako kazetari Juan Carlos Elorzak bildutako datuen arabera, orain arte Matxalen Ziarsolok birritan heldu zen hamar goletara partida batean, 2005-06 denboraldian Lizarrerian Itxakoren aurka eta hurrengo urtean Tenerifeko Quintercon Perdoma taldearen aurrean. Partida guztiak, Bidebietatik at.
Marka hauek kapitainaren kalitatea eta egungo sasoi fisikoaren ispilu dira. Taldeko golegile nagusiena da Ligan, 116 golekin, Eli Pinedok 105 sartu ditu eta Patri Elorzak, 79. Halere, lehiaketa guztiak hartuta Pinedo da 173 golekin –Matxalenek baino bederatzi gol gehiago- taldeko golegile nagusiena.
1.065 gol
Bera Berarekin mila goletara iritsi zen Matxalen Etxebarrin. Lehiaketa guztiak bilduta: liga, kopa, Superkopa eta Europakoak 1.065 gol daramazki: 825 ligan, 146 Europan, 80 Kopan eta 14 Superkopan, hain zuzen. Zenbaki hauek Bera Berako golegile nagusi ondoan kokatzen dute Matxalen, hau da, Tati Garmendia eta Esme López jokalari historikoen ondoan.
Liga amaitzeko lau partida gelditu arren, Matxalenek bere marka guztiak gainditu ditu 116 golekin. 103 gol sartu zituen 2006-07 denboraldian; 105, 2006-07an; 92, 2006-07an eta 91 2008-09an.
Matxalen aurtengo 34 partidatan egon da, A Guardan baino norgehiagoka guztietan nabaritu da bere ekarpena, Galizan aurreneko minutuetan mina hartu baitzuen.
Bataz beste, partidako 5,27 gol egin ditu ligan. Gabonak ostean, urtarrilean, Reyes Carrere eta Martin Larrañagak Eli Pinedo aurreneko lerroan kokatzen hasi ziren ezker albokoaren ardura guztia kapitainari emanez.
Zenbakiek entrenatzaileei arrazoia eman die. Ligako aurreneko hamar partidatan Matxalenek 35 gol sartu zituen eta Eli Pinedo, 62; hau da, bien artean 97. Zuazo Barakaldoren aurkako partidatik hona –ia itzuli osoa- kapitainak 81 sartu ditu eta olinpikoak, 41 –Elik lau partida galdu ditu-, bien artean 122, alegia.