Berriro Helvetia Alcobendas Bera Beraren ibilbidean topo egiten du une garrantzitsu batean. Iaz matematikoki berretsi zien donostiarren azpitxapelketari Pabellon de los Sueñosen lorturiko garaipenari esker eta lehenengo itzulian Bera Berak partida bikaina jokatuz aise menperatu zituen madrildarrak, Guardan eta Elxen egindako hutsegiteak ahaztuz.
Orain, berriz, Bera Berak garaipen ildoa berreskuratu nahi du, sentsazioetara itzuli defentsan batez ere kontraerasoa edo transizio azkarrak gauzatze aldera. Bihar 19,30etan (Ignacio Pascual y Carlos Luque, kataluniarrak) Helvetia Alcobendasen aurrean ligako txapelketa eskuratzeko bete behar dituen azken sei jardunaldietako aurrena izango du Bera Berak.
Partidarako prest izango da Eli Pinedo ez ordea Eider Rubio. Oraindik ezker belaunean mina sentitu arren, taldeari lagundu nahi dio arabarrak eta entrenaldietara itzuli da gaur. Donostiarra, aldiz, bizkarra dituen arazoei ezin konpondu dabil. Ondorioz, Uxue Ezkurdia eta Esther Arrojeria deialdian sartu dira.
Era berean, egun hauek ondo etorri zaie Patricia Elorza, Silvia Ederra eta Adriana Castro internazionalei eta minutu asko jokatzen dutenentzako.
Aurrean, Helvetia Alcobendas “guztia ematera” datorrena, sailkapeneko buruarekin tartea murrizteko azken aukera izango duena, duela hilabete bat etxean Rocasarekin galdu baitzuen. Madrildarren taldean Teresa Frances alboko jokalaria da golegile nagusiena eta Silvia Arderius zuzentzen du taldea erasoan.
Jardunaldia interesgarria da biharkoa, izan ere Elche Mustang taldea Mecalia Atletico Guardesen pista zailan arituko da (18,30etan) eta Rocasak adi biziko ditu partida hori eta Bidebietakoa, badaezpada.