Tartea mantentzeko asmoz doa Valentziara Bera Bera (20etan)
Martxoak 27, Liga itzuli da asteazken honetan. Valencia Aicequip eta Bera Bera Eskubaloiak Aste Santuari aurrea hartzea erabaki zuten eta gaur 20eetan El Cabañal udal kiroldegian 20. Jardunaldiari dagokion partida jokatuko dute (Ordi Ausas eta Miquel Florenza, kataluniarrak).
Hau da, denboraldia amaitzeko zazpi partida gelditzen direnean, Bera Berak kalitatea erakutsi nahi du eta Elche Mustang berriro ere hiru puntura alderatu, izan ere, elxetarrek Kukullaga gainditu zuten larunbatean eta 34 puntu dituzte.
Taldea David autobusera 9,30etan igo da Bidebietan. Monreal del Campon bazkaldu eta Valentziara 18etan iristea da asmoa. Eli Pinedo baja izango da, ezker belaunean mina hartuta jarraitzen duena baina erresonantziak ez du hausturarik ikusi. Bere ordez Uxue Ezkurdia gaztea sartuko da deialdian, aurten bi gol sartu dituen ezker albokoa.
Bestetik, Patricia Elorza, Silvia Ederra eta Adriana Castro internazionalak egoera onean iritsi dira.
Aurrean, Morskovak zuzentzen duen Valencia Aicequip, Castelldefels, Itxako, Kukullaga eta Mar Alicante taldeekin batera azken aurreko postua sahiestu nahi duena. Gol gehien jasotzen duen Ligako bigarren taldea da Valenvcia, 30 kontra eta 24 gol sartzen ditu.
Partida ostean Bera Bera Donostiara itzuliko da eta entrenaldietara astearte arratsaldean Bidebietan. Apirileko aurreneko larunbatean Bidebietan Helvetia BM Alcobendas hartuko du Bera Berak (19,30etan) eta liga ez da berriro geldituko maiatzaren 11rarte.