Gipuzkoako eskubaloiaren babesa bermaturik du bihar Bera Berak
Gipuzkoako eskubaloiak ederki erantzun dio Bera Berak luzatu zuen deiari, bihar Bidebietan (19etan) giroa eta kolorea jartzeko ahaleginari, izan ere, liga helburu duten talde nagusienak elkarren aurka arituko baitira, Bera Bera eta Elche Mustang, sailkapeneko buru eta bigarena.
Europako kanporaketa ligako jardunaldia aurreratzea dakar eta akaso orain arte jokatu den partidarik erabakigarriena asteazkenean izango da.
Donostiarren eta elxtarren artean puntu bakarra dago, ondorioz, partida hilalabizikoa izango da. Gipuzkoako Federazioaren bitartez Bera Bera eskubaloi klubei babesa eskatu zien. Asteazkena izanik errazago delakoan, horretarako askok entrenaldiak bertan behera utziko dituzte Bidebietan partida zuzenean bizi ahal izateko.
Horrela, Zumarraga eta Oñatitik bi pisuetako autobusak bete dituzte Urola Eskualoia eta Aloña Mendi kluben esker; Urnietakok ere harrobiko 60 gazte bidaliko ditu, Legazpitik hogei bat datoz eta Elgoibar, Usurbil, Zumaia eta Ereintzako harrobiak ere bihar animatzera hurbilduko dira.
Bidebietan izango den Gipuzkoako beste talde bat, futboleko Añorga izan da. Plantilla osoa, entrenatzailea eta presidenteak biharko partidaren lekuko izan nahi dute.
Hau da, orduak pasatu ahala jende gehiago izena ematen badu ere, gutxienez 300 pertsona elkartuko ditu ekimen honek, bakoitzak kamiseta, sudadera edo taldeko txandala eramango dutenak eta Bidebietako giroarekin bat egin nahi dutenak.