Bera Bera Eskubaloiak bigarren zatian estutu behar izan du Mar Alicante 24-28 irabazi ahal izateko, asteburu honetan donostiarren Europako kanporaketa dela eta aurreratu den norgehiagokan.
Hasiera hasieratik aldapa gora jarri da partida donostiarrentzat. Anabel Mateok jaurtiketetan asmatu du eta taldea aurretik jarri du. Bera Berak tarteari eutsi dio Nitsan Dunay eta Eli Pinedori esker.
Bera Berak berdinketa lortu du baina Mateori Marizza Faria jokalaria gehitu zaio. Mar Alicantek lehenengo zatian sarturiko 15 goletatik, 13 egin dituzte bien artean.
Bigarren zatian, Reyes Carrerek Marizza Faria estu lotzea agindu du eta asmatu egin du, Mar Alicanteren erasoa bloketatuz. Zoqbi atepean, 20 minutuetan bost gol besterik ez dute lortu eta Bera Berak aprobetxatu du , batez ere, Adriana Castro eta Matxalen Ziarsoloren bitartez.
Donostiarren eskarmentua, prestakuntza fisikoa hobea eta baliabideen aniztasunak eman dio Bera Berari behar zuen kemena bigarren zatian partida iraultzeko eta azkeneko minutuetara sei goleko tartearekin kudeatzeko, partidaren zailtasuna adierazten ez duena.
Bi puntu gehiago liga eskuratzeko borrokan, 12. jardunaldi jarraian garaipena poltsikoratuz eta martxoaren 13an Elcheren aurka partida erabakiorra izan aurretik, Alemaniako txapeldun eta egungo líder Thüringer hartuko du Bera Berak Gascan Cup Winners’ Cupeko final-laurdenetan.
Fitxa Mar Alicante 24, Bera Bera 28
Mar Alicante 24 (15+9): Tornero, Moreno, Corbi (1), Mateo (10), Vicente (2), Juárez (4), Marizza Faria (6), Marín, González, Ayllón, Gayo, Estévez (1), Torres (o.a.).
Bera Bera 28 (13+15): Yamiley, Altuna, Arizaga, Dunay (2), Núñez (2), Elorza (3) eta Pinedo (6) –titularra- Menéndez, Ziarsolo (6), Castro (5), Rubio (2), Ederra (2) eta Zoqbi (o.a.)
Epaileak: Roberto Carlos Mendoza eta Juan Pablo Visciarelli, Andaluzia
Kanporaketak: Pinedo, Elorza (2) eta Rubio Bera Beratik eta Tornero eta Corbi Mar Alicantetik.
Partzialak: 2-0, 5-2. 6-6, 9-7, 11-11, 15-13 –atsedenaldia- 16-14, 18-17, 19-19, 20-23, 21-25 eta 24-28