Lizarrerian (20etan) lidergoan jarraitu nahi du Bera Berak
Bera Bera Eskubaloia eta Itxako izan ziren igandean ezusteko protagonistak Europako kanporaketetan lorturiko iraulketak medio. Donostiarrek 12 gol eta nafarrek, 13 Turkian. Egutegiak elkartu ditu gaur Lizarrerian (20etan) eta liga bezalako lehiaketa bati ondoen moldatzen dena abantail handia izango du.
Otsaileko hilabetea hirutan zatitu egin zen donostiarrentzat, izan ere, hiru lehiaketa ezberdinei heldu behar izan diete. Aurrena Europari dagokiona, joaneko partida ostean ustebakean ondo atera dena. Bigarren zatiari gaur helduko dio Bera Berak, Lizarrerin helburu nagusiena dena, Liga, alegia, larunbatean Etxebarrin Kukullagaren aurka jarraipena izango dena (20etan). Eta hirugarrena Kopa, datorren astean, otsailaren 21etik 24ra bitartean Galizan.
Bai Itxakok, bai Bera Berak puntuak behar dituzte gaur. Lizarrako taldeak jaitsiera postuetatik irteteko eta donostiarrak lidergoa berreskuratzeko, Barakaldon asko sufritu zuen Elche Mustang taldearen eskueta egun. Era berean, beste pizgarria du partidak, izan ere, Itxako eta Bera Beraren arteko lehiak biziak izan dira azkeneko urtetan eta gaurkoa ere bai. Sailkapenari so eginez eta irailean gertaturikoari erreperatuz norbaitek pentsa dezake partida aldez aurretik erabakita dagoela. Oker legoke.
Bera Berak ligan sendo dagoela erakutsi du, hiru puntu bestetik ez baititu utzi bidean. Itxako, berriz, Chema Vives entrenatzailea iritsi zenetik beste bat da. Ligan azkeneko lau partidetatik hiru irabazi ditu eta nafarrak jaitsiera postuetatik irteteko zorian dira. Gainera Inga Feuchtmann ezker hegaleko jokalaria fitxatu du, bi gol sartu zituen txiletarrak Alcobendasen.
Eider Rubioren zalantzarekin egingo du bidaia Bera Berak. Donostiarrak ez zuen igandean Vistal Laczpol Gdyniaren aurka jokatu, bai ordean Nitsan Dunay orkatilean egindako bihurritua sendatuta.