Gol gehien sartu eta gutxien jaso dituen taldea da Bera Bera
Bera Berak iazko lehenengo itzuliko datuak hobetu ditu aurten, garaipen bat gehiago eskuratuz eta lidertzarekin.
Donostiarrek etxean jokatutako guztia irabazi dute, zazpi partida, sei Bidebietan eta bakarra Josean Gaska kiroldegian. Donostiatik urrun, lau garaipen, berdinketa bat A Guardan eta betiko porrota Elxen. Aipagarriena zera da, lidergoan izanik, Bera Berak sailkapenean diren hurrrengo lau taldeei egin diela bisita, bi garaipen garrantzitsuak eskuratuz Alcobendasen (28-35) eta Rocasaren aurrean (20-26). Carrusen gol batez galdu zuenetik Bera Berak zazpi garaipen jarraian erdietsi ditu, lidergoan kokatu duena.
Partidako 31,46 gol
Datuei erreparatuz gero, Bera Bera da gol gehien sartu dituen taldea eta, era berean, gol gutxien jaso dituena. 13 partidatan 400 gol baino gehiago lortu ditu, bataz beste partidako 31,46 gol, Bidebietan (33,71) etxetik kanpo (28,83) baino gehiago, jakina.
Denboraldi honetan Bidebietan bataz beste 20,43 gol jaso dituzte donostiarrek eta etxetik kanpo, 23,67. Iazko datuekin konparaturik, aurten Bera Berak 32 aldiz gehiago zulatu du aurkarien sarea eta gol gehiago ere jaso ditu, 13 hain zuzen.
Eli Pinedo
Bi partidatan baja izan arren, Eli Pinedo da taldeko golegile nagusiena 66 gol sartuz (partidako 6). Jarraian Castroren aurka atsedena izan zuen Eider Rubio (58), Matxalen Ziarsolo (56) eta Patricia Elorza (51) agertzen dira. Tartea zabaldu da orain: Altuna (36), Castro (28), Núñez (24), Ederra (23), Menéndez (20), Dunay (18) –azkeneko hiru partidatan ez du jokatu- eta Arizaga (14). Ligan 409 golak osatzen dituzte lesionaturik dagoen Vero Cuña (12) eta Uxue Ezkurdia (2) eta Esther Arrojeria (1) gazteak.
Lider bada ere Bera Berak jokalari askoren artean banatzen du gola egiteko ardura. Eta oso ondo datorkio. Eli Pinedo da ligako 15. golegile nagusiena, Eider Rubio (19.) eta Ziarsolo (20.).
Kanporaketak
Bera Berak ia bi ordu aritu da taldekiderik gabe pistan, izan ere, 64 kanporaketak jasan ditu, hau da, partidako ia bost.
Bigarren itzulia
Guzti honek adierazten du bigarren itzuliak dena erabakiko duela. Larunbat honetan, Europako kanporaketa dela kausa aurreratuko den norgehiagokan, Bera Berak BM Porriño hartuko du Bidebietan 19,30etan. Galizarrek ez dute etxean partidarik irabazi eta, kontutan hartu beharrekoa, ligako talde bakarra da etxetik kanpo galdu gabe.
Partida ostean, Donostiatik hilabete bat ospa egingo du ligak. Bera Berak Lizarrerian eta Etxebarrin jokatuko baititu hurrengo jardunaldiak eta martxoaren 2an izango da Bidebietan Mecalia Atlético Guardés. Martxoa, apirila eta maiatzeko partidak interesgarriak eta erabakiorrak izango direnez, zelatuak gerturatzeko bonu berezia prestatzen ari da kluba.