Bera Bera

Select your language

Bera Berak lider amaitu du lehenengo aldiz aurreneko itzulia. Bigarren itzuliari (larunbatean BM Porriño 19,30etan), Europako kanporaketa eta Kopari heldu aurretik, Bera Bera Eskubaloiko arduradun Tati Garmendia eta Reyes Carrere entrenatzailea hamahiru partida hauetan egindako lanaz mintzatu dira. “Lehenengo itzulia positiboa izan da, aurreneko aldiz lider gara, Koparako begira berriro zerrendaburu eta liga irabazteko aukerak ditugu” adierazi du Tati Garmendiak Bere ustez, “partida erabakiorrak etxean jokatuko ditugu eta abantaila da guretzat”. Liga hasieran Bera Berak ez zuen arazorik izan onartzeko helburua liga zela. “Taldea dexente berritu arren, egunak pasatu ahala hobeto ari da, Verónica Cuñaren lesio larria gainditu du eta Eli Pinedo eta Eider Rubio jokalarien arazo fisikoak ere bai” azaldu du Garmendiak. Bera Berak pista zailenetan jokatu du, A Guardan eta Elxen hiru puntu utziz. “Elxen galdu genuen baina Rocasari irabazi genion, oso urrats handia dena pista zaila baita, gainera kontutan harturik Eli Pinedo eta Nitsan Dunay erdi lesionaturik zeudela” ohartarazi du jokalari ohiak. Horregatik ez du zalantzan “zaletuen babesa eskatzen, eskubaloia maite duena eta kirola gustoko duenari ere bai, etxean aurkari zuzenak izango baititugu, batez ere etxeko azkeneko bost partidak ikusgarriak izango direlako”. Hori dela eta, kluba “abono berezia prestatzen ari da bost partida horiek ikusteko”, martxoaren 2tik maiatzaren 4rarte izango direnak. Tatiren ustez “liga irabaztea ez da erraza plantilla hain laburra izanda eta lesio larria jasan duena”, horregatik “erregulartasuna mantentzea” izango da “gakoa” partida asko izatea “ez delako berez txarra, lehiatzeak jokalariari onena ateratzen diolako”. Reyes Carrere: “Guztion lana izango da garrantzitsua” Bestetik, Reyes Carrere entrenatzailearen ustez “oso garrantzitsua da behin helburua markaturik, bera betetzea”. “Gure asmoa hori zen, lehenengo itzulian goian egotea” dio. Horrez gain, “puntuak ateratzen ari gara eta Ligako une askotan nahi dugun bezala jokatzen ari gara” aipatzen du. Bere ustez, bigarren itzulia erakargarria izango da, “talde onenak hartuko baititugu”. “Bagenekien etxetik kanpo partida zailak izango genituela, bidean hiru puntu galdu arren, eutsi diegu” gogoratu du. “Liga irabaztea ez da erraza baina bidean gaude” azpimarratzen du. Reyesek uste du gakoa “plantilla kudeatzen” dagoela. “Mundu guztia izango da garrantzitsua, puntu bat bestea baino gehiago ez duelako balio, hori argi eta garbi izan behar dugu” dio konbentziturik. Datozen partida sorta inguruan –liga, Europa, Kopa..- “goian jarraitzeko fin aritu behar gara” ohartarazi du. “Baldintzak direnak dira eta jokatzeko ahalmena duten jokalariak dira gure kezka. Verónica Cuñaren baja arazoa da baina ondo konpontzen ari gara, eragozpenak izango ditugu aurrean” abisatu du. Horregatik, zaletuei “dei berezia” egiten du “guk bakarrik ezin dugulako”. Eta hausnarketarako beta hartu du. “Sei urte daramatzagu goian, Kopak eta Superkopak irabazi ditugu, iaz azpitxapeldunak izan ginen eta aurten gure aurrean irekitzen den egoerak beste urrats batera garamatza. Ezin dugu bakarrik egin, taldeak beheruntz jotzen badu zaletuen babesa oso garrantzitsua izango da eta zedozer lortuz gero fronte askoren lanagatik izango da”. Eta taldea “konbentzituta” ikusten du. “Taldeak hori nahi du, denboraldia hasieratik. Helburu batzuk finkatzen dituzu, zuk duzuna ikusi, besteek dutena eta presioa iristen denean ikusiko dugu aurrera jotzeko gai garen” amaitu du entrenatzaileak.

Babesle nagusia / Patrocinador oficial

Babesle instituzionalak / Patrocinadores institucionales

Babesle ofizialak / Patrocinadores oficiales

  •  

Babesleak / Patrocinadores

Laguntzaileak/Colaboradores