Ohorezko mailako taldeko aurpegi gazteenak dira. Esther Arrojeria eta Uxue Ezkurdia dira. Pasa den abuztuaren 1ean, Olatz Ramón eta Nora Azurmendirekin batera lehenengo taldearekin hasi ziren entrenatzen Anoetako miniestadioan. Udan hainbat lagunartekoetan parte hartu zuten baina ligako partidak beste mundu bat dira.
Pasa den larunbatean biek oso pozik amaitu zuten Castro Urdialesen aurkako norgehiagoka. Gol bana eta minutu dexente jokatu zuten. “Bai, oso guztora, pozik” adierazi digu Uxue Ezkurdiak. Bera Berarekin Etxebarrin iaz egin zuen debuta Egiakoak. Aurten Reyes Carrerek hiru deialdietan sartu du: Mar Alicante, Zuazo eta Castro taldeen aurkako partidatan.
Bere lehenengo gola Mar Alicanteri sartu zion ezker hegalean oso jokaldi ederra gauzatuz. Larunbatean 25 minutu izan zituen Matxalen Ziarsolo kapitaina ordezkatzeko. Nagore Arizagak emandako baloia sareetara eraman zuen Uxuek eta horrez gain, penalti bat atera zuen.
Uxuek aitortu du “ez naizela oraindik askatu partidatan”. Askotan entrenatzen dute ohorezko mailako taldearekin eta saiatzen dira partidatan egin behar dena askotan errepikatzen, “baina, jakina, partidatan zailagoa da”.
Gainera lehenengo lerrotik ezker hegalera pasatu da “uste baino hobeto moldatzen ari naiz, halere, oraindik beldur pixka bat dut kontraerasoetara irteten naizenean eta denbora gutxitan gauza asko egin nahi ditut”.
Matxalen eta Eli Pinedo dira Uxueren erreferentziak taldean “postu berean jokatzen dudalako”. “Akaso Matxalenekin gehiago fijatzen naiz, azkarra delako baina Elik daukan kalitatea handia da eta bere mugimenduak adi ikusten ditut” dio Egiakoak.
Esther Arrojeria: “Geroz eta hobeto nago taldean”
Usurbiltarra ere “oso gustora” dago Bera Beran. “Taldean gehiago sartuta nagoela uste dut” izan ere abuztuan “zerotik hasi nintzen, apenas ezagutzen nituen eta ilusio handiz ari naiz entrenatzen” dio Estherrek.
Verónica Cuñaren lesiotik hona Esther Arrojeria finkoa da Reyes Carrere entrenatzailearen deialdian. “Ondo, gustora, ohorezko maila ezberdina da baina ondo dago aldagela bizi, txarlak eta horietakoak” azaldu du, taldean “geroz eta hobeto” sentitzen dena.
Larunbatean defentsan baloi bat lapurtu eta zuzenean joan zen Castro Urdialesen atea zulatzea. Debutean, halere, “hotz negoen” aitortzen du usurbiltarra. Valentziaren aurkako partidan Gaskan, ETBk eskaini zuena. Azkeneneko bost minutuak jokatu zituen, Castroren aurka, aldiz, hamar minutu izan zituen.
Estherrek ere “nire postuan aritzen dena dut eredu”, kasu honetan Eider Rubio. “Gainera asko laguntzen dit hasiera hasieratik, bere atzetik joaten nintzen ariketak egiten, zer moduz nengoen galdetzen zidan eta asko ikasi dut” dio hasperen eginez.
Uxuek eta Estherrek ahal dutenean bat egiten dute Egia Bera Beran senior mailako taldean. “Oso ondo goaz, puntu bakarra galdu dugu eta lehenengo fase hau líder bukatu nahi dugu” dio Uxuek.
Era berean, biek Unibertsitatean ikasten dute. Uxuek Enpresa ikasketak eta Estherrek, Erizaintza, Nagore Arizagak bezala.