Dunay baja dela hartuko du Bera Berak Zuazo (astezkena, 19etan)
Emakumeen eskubaloi ligako azken partida jokatu zuenetik –Leonen azaroaren 16an- Bera Bera Eskubaloiak lehiaketara ekingo dio berriro ere bihar Bidebietan (19etan) Zuazo Barakaldo hartuz.
Nitsan Dunayren belauna bati egindako erresonantziak lesiorik antzeman ez arren, israeldarrak ezin izango du biharko partida jokatuko minak korrika egiten galerazten diolako. Ondorioz, Esther Arrojeria eta Uxue Ezkurdia senior mailako jokalariek biharko deialdia osatuko dute, denboraldi honetan ohorezko mailako taldean aritu direnak.
Bihartik Aste Santurarte hiru txapelketatan parte hartuko dute donostiarrek: ligan, Cup Winners’ Cupean –otsailaren 3an Polonian eta 9 edo 10ean Donostian- eta Kopan, otsailaren 21etatik 24ra bitartean ospatuko dena lekua finkatzeke. Hau da, hamar astetan, ligako bederatzi jardunaldi, Europako bi eta gutxienez Kopako bati aurre egin beharko die Bera Berak, azken bi lehiaketan aurrera joan ahala gehiago izango direnak.
Ondorioz, talde osoa ondo kudeatzea izango da gakoa, Reyes Carrere eta Martin Larrañaga entrenatzaileak ondo aztertzen ari direnak.