Madrildarrak 2008. urtean ohorezko mailara igo zirenetik, Bera Berak puntuak lortu ditu jokatu dituen lau partidatan, hiru garaipen eta berdinketa eskuratuz. Batez ere aipagarria izan ziren iaz lorturiko puntuak, donostiarrak matematikoki bigarren postu historikoaren jabe egin baitziren.
Alcobendaseko ‘Ametsen kiroldegian’ apirilaren 21ean jokatutako partida horretan Tati Garmendiak Reyes Carrere ordezkatu zuen belaunean ebakuntza egin ziotelako. Hamar minutu falta zirela lau gol azpitik zihoala, Bera Bera partidari buelta emateko gain izan zen (25-26) eta, ondorioz, Championsen tokia eskatu.
Alcobendasek Ciobanu, Mireya González, Álvarez eta Marta López jokalariak galdu arren, arriskutsu izaten jarraitzen du Silvia Arderius gidaritzapean. Besteak beste, Teresa Francés fitxatu du eta egun hegala da taldeko golegile nagusiena. Madrildarrek Rocasa liderraren aurka galdu dute bakarrik (33-30) eta etxean aise nagusitu dira Kukullaga, Zuazo eta Castro taldeen aurrean.
Alba Menéndez, alta
Bera Bera Eskubaloiak bihar egingo du bidaia Elxen aurkeztu zuen deialdia berarekin. Horrek esan nahi du Alba Menéndezek txorkatilan duen bihurdura hobeto duela. Valenciaren aurka baja izan zen zarauztarra gaur goizean ondo entrenatu da eta deialdian sartu da Esther Arrojeriarekin batera.