“Zuek ere domina honen partaide zarete”
Omenaldi xumea eta bihotzez egindakoa. Bera Berak, plantilla eta entrenatzaileak, harrobiko jokalari asko, eskubaloiko eta klubeko zuzendaritza, Euskal Federazioko presidenteordea eta zaletu dexentek txalotu nahi izan dituzte Eli Pinedo eta Patricia Elorza Joku Olinpikoetan brontzezko domina lortzeagatik, euskal eta Estatuko emakumeen eskubaloian inoiz gertatu ez dena ezta Bera Beraren ere.
Bidebietaran bost minutuko atzeraturik iritsi dira bikotekideak lagun Eli Pinedo eta Patricia Elorza. Pozik, irribarretsu agertu arren somatu de nekea. Brontzezko dominez galdeturik, lotsati jarri dituzte lepoetan eta zuzenean pistara sartu dira, aurreneko txaloak entzunda.
Harrobiko koordinatzaile Veronica Valverde izan da ongietorria eman duena eskubaloiaren mesederako den lorpena eskertuz. Ondoren, hiru gaztek eskaini diete aurreskua, Nora, Uxue eta Anek, azken bi hauek infantil mailako jokalariak.
"Zer esan nahi duzue honekin?"
Bien bozeramaile, harrera eskertu du Elik. “Esateko asko daukat” adierazi du “baina orain ez dakit nondik hasi” onartu du, azkenik, balentriaren partaide egin ditu bildutakoak “domina hau zuena ere bada” esan du.
Frutaz beteriko saskia –Beti Ona frutategiari esker- izan da oparia. Andrea Arellano jubenil mailako jokalariak Eli Pinedori eman dio –betidanik gustoko izan duena- eta Oihane Puertas infantil mailako jokalariak gauza bera egin du Patricia Elorzarekin. Beranduago Elik txantxetan galdetu du “Fruta zer, zaintzeko? Patata tortilla jateko irrikitan nagoenean”. “Bai, hala da irailaren 1erako prest egon behar duzue” aipatu die Valverdek. Gainera, Jokuetako jana izan da Elik eta Patriciak kritikatu duten gauza bakarra.
"Klubeko ondare"
Opari ostean, taldekideak azkar mugitu dira Eli eta Patricia besarkatzera. Domina erakutsiz, “hau ere zuena da” berretsi dio Elik Darlyri eta prentsaren esanetara jarri ostean iritsi da argazki sorta. Elik eta Patriciaren irriak poza adierazten zuten, gainera, taldekideaz babesturik ziren biak. Jendeak, baina, domina gertutik ikusi eta, nola ez, ikutu nahi zuen ere bai. Uste baino handiago eta sendoa Londreseko brontzea. Bi jokalariek badakite etxean non jarri.
Atzo Euskal Herrira iritsi ziren eta abuztuaren 27rarte ez dituzte taldekideak berriro ikusiko. Halere, hainbat galdeta egin dituzte eta denboraldian zehar Ligan eta Europan aurre egin behar duten erronken inguruan hitz egin ere bai.
Eta argazki gehiago. Euskal federazioko presidente orde Juan Carlos Carrok pozik zegoen, Bera Berako presidente Fernando Diez Mintegi bezala “hau guztia klubeko ondarea da” zioen harro.