Bihar asteartea, uztailak 3, goizeko 11etatik aurrera EHFko Vienako egoitzan burutuko den zozketan, Bera Bera Eskubaloiak ezagutuko ditu Champions Leagueko debutean izango diren aurreneko arerioak. Historian lortutako lehenengo azpitxapelketak Europako goreneko txapelketan lekua eman dio Bera Berari. Itxako txapeldunak lehiaketari uko egin dionez, Championsen Espainiako ligako ordezkari bakarrak dira donostiarrak.
Hiru arerioekin batera, Bera Bera Eskubaloia lau taldez osaturiko multzoan kokatuko da. Final erdia eta, gaindituz gero, finala jokatuko du Championseko multzoen fasea jokatzeko txartel bakarra helburu. Bertan Europako 11 txapeldun daude zain, urrian hasiko den ligaxka horretan sei partida jokatuko dira.
Errusia eta Alemaniako azpitxapeldunekin batera kokatu du EHFk Bera Bera, Rostov indartsua eta Buxtehuder taldeak saihestuko dituelarik.
Arerio arriskutsuenak Norvegia, Hungaria, Danimarka eta Errumaniako azpitxapeldunak dira, hau da, Trondheimeko Byasen, Budapesteko Ferencvarosi TC, Viborg HK daniarra edo Universitatea Jolidon Clij errumaniarra. Bera Berak Randersetik fitxatu duen hegal brasildarra Adriana ‘Doce’ Castrok Danimarkako finalean aurrean izan zuen Viborg eta FTC taldeak Nerea Pena nafarra fitxatu berri du.
Serbiako Zajecarren, Mangué eta Fernández
Era berean Holanda, Polonia edo Serbiako txapeldun bat izango du aurrez aurre: MizuWaAi Dalfsen, Laczpol Gdynia edo Zajecar serbiarra, Marta Mangué eta Begoña Fernándezen taldea.
Eta laugarren taldea –teorian ahulena- Mazedonia, Turkia, Eslovakia edo Suizako txapeldunak dira: WMetalurg –iaz Eldari 27-22 irabazi zion fase honetan-; Muratpasa Belediyesi; Iuventa Michalovce edo LC Brühl suizarra, alegia.
Halere, azken hauetako batek kanporaketa zuzena izango du rakinean hobeto kokaturik dagoen taldearekin: Byasen, FTC, Viborg HK edo U. Jolidon Clij, alegia. Gainontzekoek, horien artean Bera Bera, lau taldez osaturiko hiru multzotan banatuko dira, Championseko ligaxkan gelditzen diren hiru txartela eskuratze aldera. Gainontzeko taldeak ‘Errekopara’ pasatuko dira bigarren edo hirugarren kanporaketan.
Bihar baita ere ‘lauko finalen’ datak ezagutuko dira, izan ere, bi data ezagutzera eman dira, irailaren 22-23an eta, lehengo ostiralean, irailaren 8 eda 9. Multzoko lau taldeek egoitza adostu behar dute, finalerdiak, hirugarren eta laugarrena zehazteko partida eta finala, lau partiden antolaketa, alegia.